ASTEASU 2018-06-03 18:53

Muskerraren egun bikaina

Eguerdira arteko egitarau bete-betea prestatu zuten Asteasun Muskerraren eguna ospatzeko. Bernardo Atxagak gidatuta, Muskerraren bideari ekin dio talde handi batek goizeko 10:00etan eta hortik aurrera, egitarauak ez du etenik izan, iturri-bueltako apustua amaitu arte. Herriko harrijasotzaileen topaketak ere ikusmina sortu du.

Argazkiak: Muskerraren bidea // Haur jolasak//  Harrijasotzaileen topaketa // Iturri-bueltako apustua

Muskerraren egun bikaina

Ordubeteko ibilbidea izan behar zuena, ia bi ordukoa izatera iritsi da. Gustura entzun dituzte ibiltariek Bernardo Atxagaren hitzak. ELizmendin hasi, eta herriko plazara iritsi arte, hainbat kontu berritzeko aukera izan du idazle asteasuarrak. Bitartean, herriko haurrek jolas ezberdinekin gozatu eta ikasteko aukera izan dute. 

13:00k aldera, herriko harrijasotzaileen topaketa hasi da. Herri kirol horretan aritu izan diren sei herritar elkartu dituzte, garai bateko kontuak berritu eta harrijasotzen ibili zirenekoak gogora ekartzeko. Asteasun harri-jasotzean izan duen tradizioa agerian geratu da solasaldian.

Ondoren, iturri-bueltako apustua iritsi da. Sei bikotek hartu du parte, herritarren animo artean. Hamarna buelta eman behar zion bikotekide bakoitzak, batek iturriaren kontra-kontratik, kanpoaldetik besteak. Biek egindako denbora batzen zuten ondoren. Sei bikoteetatik bi sailkatu dira finalerako eta, azkenean, Mikel Alkorta eta Joseba Txapartegi izan dira garaileak. Eguraldi beroarekin eta giro onean eman diote amaiera aurtengo Muskerraren egunari. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image