ASTEASU 2018-10-04 13:10

Asteasuko Azoka, bertako artisauen erakusleiho

Lagun batek erakutsita hasi zen Asteasuko Olatz Albisu, fieltroa lantzen. “Barazkiekin aritzen gara etxean, baina beti izan dut gogoko eskulangintza. Alemaniako lagun bat bisitan etorri zenean, autoan zeraman panpintxo bat erakutsi zidan. Bere txakurraren ilearekin egina zegoela azaldu zidan eta jakinmina piztu zitzaidan”.

Fieltroa landuz

Artilearekin egiten du fieltroa Olatzek, eta gauza ezberdinak sortzen ditu teknika ezberdinak erabiliz. “Lagunak erakutsi zidan nola egin eta horrelaxe eman nituen lehen pausoak. Interneten begiratuz eta ikastarotxoak eginez, ikasten joan naiz. Egia esan, beti izan naiz eskulan zalea; larrua, buztina, egur-talla…, gauza asko egin ditut eta haiek uztartzen ere saiatu izan naiz”.

Lagunek enkarguz eskatuta, gauza ezberdin asko egin izan du Olatzek. “Lanparak, arropa, panpinak, fruta gordetzeko ontziak, katuentzako etxekoak…, denetarik egiten dut artilea erabiliz”. Asteasuko azokan, orain arte egindako lanen lagin bat jarri zuen ikusgai.

Emakumeei laguntza eskaintzen dien Emekin elkartearen laguntzaz, bere zaletasuna modu profesionalagoan lantzen hasteko asmoa du Olatzek: “Barazkigintzan aritzen gara, eta fieltroarena erantsi bat izango litzateke. Etxean aritu izan naiz ikastarotxoak eskaintzen eta ikasturteari begira, taldetxo bat hartzeko gogoz nago. Oso teknika polita da; eta emaitzak ere gustagarriak izaten dira”. Olatzekin harremanetan jartzeko, bastxoko@gmail.com helbidera idatz daiteke.

Iruzkina Idatzi

Captcha image