ESKUALDEA 2016-03-03 06:44

Plazida Otaño Odriozola, Errekaldeko bertsolaria

1867an jaio zen Plazida Otaño Odriozola Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bertsolariz betetako familian, etxeko sukaldean trebatu zen bertsotan. Plazidaren inguruko ekitaldi berezia ari dira prestatzen Zizurkilen, martxoaren 4rako.

Juana Mikaela Otaño Lasa eta Plazida.

Laburrean

1867an, Zizurkilgo Errekalde baserrian jaioa. 1886an Donostiara joan zen bizitzera eta neskame lanetan aritu zen bertan, bi urtez. 1891n Amasako Joxe Migel Zalduarekin ezkondu eta Zizurkilgo Benta etxean jarri ziren bizitzen. Etorri handiko emakumea zen, erantzun azkarrak ematen trebea. Alaba bat izan zuten: Klara. 1950ean, Pedro Mari Otañori Zizurkilen egindako omenaldian parte hartu zuen. Hantxe abestu zuen lehendabiziko aldiz eremu publikoan, 84 urte zituela. 1954an hil zen Plazida Otaño.  

Plazida Otañoren bertsoak

18 urte zituela, etxeko sukaldean, adinez aurrera zihoala esan omen zion aitari eta, ezkontzeko asmoa zuenez, dotea prestatzen joateko. Joxe Bernardo aitak bertso hau kantatu omen zion:

Ezkondu behar denala,
ho(r)i den baloria!
Hemezortzi urte den
hire edadia.
Pikara, gaizki hazi,
lotsarik gabia,
hik aberastuko naun,
lehen banaiz pobria.


Eta alaba Plazidak erantzun:

Aita, zahartu ta gero
garai hobia ez da,
neska gaztiak ere
badu bere kezka.
Ilea zuriturik
nobiorik ez-ta,
orduan alperrik da
soinua ta festa.



Beste behin, Txirrita Zizurkilera joan eta Plazida Otaño ikusi omen zuen zelaian pagotxa ebakitzen ari zela. Bertso hau bota omen zion Txirritak:

Gauz bat esango dizut
modu ondraduan,
noski ez naiz hasiko
hemen endreduan.
Nonbait egongo zara
aldarte eruan,
gaur horla zabiltzanean
udako beruan,
ez da atsegin izango
zure inguruan.


Plazidak erantzun:

Arrazoi horrek badu
bere parezera,
konprenituko dezu
mutila bazera.
Udarako beruaz
kejatzen al zera?
Lana hortan badezu
egiten atzera,
fraile sartu zintezke
komentu batera.

Emakumeek sortutako bertso gutxi iritsi da gaur egunera. Plazida berarena da emakume bati jasotako lehendabiziko bat bateko bertsoa. Estitxu Eizagirre kazetaria emakume bertsolarien inguruko datu bilketa egiten ari da eta hark eman ditu Plazidaren inguruko azalpenak. “Plazida Otañok bertsolaria zituen Joxe Bernardo aita, Pedro Mari Otaño lehengusua eta baita aitona ere, Errekalde zaharra edo ‘Baria’ esaten ziotena. Joxe Bernardok bertso giro handia jartzen zuen etxean. Oso ezaguna da, esaterako, Pedro Mari Otaño Argentinatik itzuli zenean osaba-ilobak egindako bertsoaldia. Plazidak asko egiten zuen bertsotan aitarekin. Etxean izan zuen bertso eskolarik onena. Plazan eta tabernan ez zuen kantatzen, baina etxean asko”.
 

Etxea, bertsotarako eremu

Askotan esaten da tabernak eta sagardotegiak zirela garai bateko bertso eskolak. Estitxu, ordea, ez dago erabat ados uste horrekin: “Bertsolarien inguruan irakurritakoak eta jasotako datuek, beste gauza bat pentsatzera eraman naute; etxean ikasten zuten bertsotan. Bertsotan aritzeko plaza onak ziren tabernak, baina dagoeneko bertsotan bazekitenak ausartzen ziren eremu horietan abestera. Etxean ikasten zuten bertsotan, eta hor berdin aritzen ziren gizonak eta emakumeak”. 

Etxeko eremu horretatik, ordea, nekez ateratzen ziren emakumeen bertsoak, horregatik oso ale gutxi iritsi dira gaur egunera. Plazida neska gaztea zela, etxeko sukaldean aitarekin egindako bertso saio bateko ale bakarra, hain zuzen ere. “Otañotarren etxean bertsotan aritzen ziren eta ziurrenik, halaxe arituko ziren Euskal Herriko beste etxe askotan ere. Bertsolaritzarekin lotuta iritsi zaigun ikuspegia, ordea, gizonezkoen begietatik jasotakoa da. Eremu publikoa eta etxeko eremua banatzen ditugu. Eremu publiko horretan kantatzen zuena bertsolaria da, eta etxean kantatzen zuena, berriz, ez da inor”, adierazi du. Horren ondorioz, gorde egin dira gune publiko horietan gizonezkoek botatako bertsoak, “garrantzitsutzat jo ditugulako. Bertsolaritza aldetik sekulako harribitxiak sortu dituzten emakumeen lana, ordea, ez da gorde, ez direlako garrantzitsutzat hartutako plazetan botatakoak izan”.

Plazida Otañok Txirritarekin egindako bertsoaldia ere aipatu du Estitxuk. “Plazan tamaina horretako pisua zuen norbaiti bertsotan erantzutera ausartu zenak, bertsotan zaildua behar zuen izan. Plazida ez zen plazan aritzen, ezta tabernan ere, baina nabaria da bertsotan maiz egiten zuela. Oso bertso ona da Txirritari bota zion hura eta aipagarria da, bestalde, sexua darabiltela bertsotarako gaitzat. Mito asko desegiten dizkigu horrek”. Emakume bati ezagutzen zaion lehendabiziko bat-bateko bertsoa da Plazida Otañok Txirritari bota zion hura. 


Testigantzen beharra

Emakume bertsolarien inguruan egin beharreko lanaz aritu da Estitxu Eizagirre. “Sinistuta nago jende askok duela bertsotan aritu diren emakumeen inguruko berri, baina ez diotela garrantziarik ematen. Amona zenak, birramonak..., bertsotan egiten zuela jakin arren, ez dute inora jotzen hori azaltzera. Lan horri eutsi behar zaio, berandu baino lehen. Emakume bertsolarien ondorengoengana jo, eta ahal den testigantza gehien jaso behar dugu, betirako galdu baino lehen. Puzle eder bat dago osatzeko, ziurrenik guk uste duguna baina zabalagoa. Erakunde publikoek, elkarteek eta euskaltzeek elkarlanean egin beharreko lana da, nire ustez. Mentalitate irekiarekin egin beharrekoa, gainera. Orain arte, gizonezkoen ikuspegitik abiatu izan gara beti, eta eskema horretan nolabait sartu diren emakumeen inguruko berri iritsi zaigu. Beste askoren inguruko berririk ez dugu ordea eta garrantzitsua da ahalegin hori egitea”. 

Bide horretan lehen urratsak ematen hasia da Estitxu eta oraindik ere egiteko dagoen lan hori, “ez da arkeologia lana. Zoritxarrez, gizonezko bertsolarien inguruan ditugun lehendabiziko datuak ere duela bi mendekoak dira. Plazida bera Txirritaren garaikoa zen. Gizonezkoen bertso-historiaren oso hasieran gaude”, azpimarratu du Estitxuk. XVIII. mendean emakumeen artean abestutako bertso sorta bat azaldu zen, duela gutxi, Asteasuko artxibategian. “Garai beretsukoa zen Fernando Amezketarra, gaur egunera iritsi den lehen bertsolari gizonezko erreferentea. Historian atzera eginez, beraz, garai beretsukoak dira emakume zein gizonezko bertsolarien inguruan iritsi zaizkigun erreferentziak”. 

 

Plazidatik plazara

Martxoaren 4an eskainiko dute “Plazidatik plazara” ekitaldia, Zizurkilen. Plazida Otaño nor zen azalduko dute. “Musikaz lagundutako saioa izango da. Bere bizitzaren inguruan jasotako datuak azalduko ditugu eta baita gaur egunera arte iritsi diren bertsoak abestu ere. Jendeari gustagarria egingo zaion ekitaldia antolatu nahi dugu, eta horretan ari gara”, azaldu du Estitxuk. Herrian sortutako bertsolaria ezagutzeko aukera paregabea izango dute, beraz, zizurkildarrek. 

 

Emakumea bertsolari

Gaur egungo bertsolaritzara etorrita, oraindik ere berdintasunaren bidea lantzeko egin beharreko lan handia ikusten du Estitxuk. Oraindik aldaketa handiak egin behar direla uste du eta bide horretan pausoak emateko garaia dela. “Guztiei egokitzen zaigu pauso horiek ematea; bertsolari elkarteak, bertsolariek, saioak antolatzen dituztenek, gai-jartzaileek... Garai batean bertsoa nekazal eremutik eremu hiritarrago batera ateratzeko eman zen pausoaren tamainakoa da orain eman behar dena, sakona”. Ariketa hori egiteko dago oraindik bere ustez eta egin ezean, “betikoan geratuko gara; oholtza gainean bost gizon eta emakume bakarra ikusten, bertsoa betiko eremu beretsutan entzuten, ohiko gaien inguruan kantatzen, etab”. Pausoak ematea deserosoa izan daiteke batzuetan, baina egin beharreko ariketa bat dela dio, eta baita zentzuzkoa ere.  

Iruzkina Idatzi

Captcha image