ESKUALDEA 2017-09-07 12:20

Baietz 1.000 aurten!

Buruntzaldea osatzen duten zazpi herrietako euskaltegiek 2017-2018 ikasturterako eskaintza zabala aurkeztu zuten Urnietan. Dagoeneko zabalik dago matrikula egiteko epea. Eskualdean gutxienez mila ikaslera iristeko erronka jarri dute. Euskaltegien eta euren eskaintzari buruzko xehetasun gehiago, www.buruntzaldea.eus wegunean edo udalen eta euskaltegien webguneetan eskura daiteke.

[Bideoa]

Udal ordezkariak eta euskaltegietako kideak, atzo egindako aurkezpena

Buruntzaldeko sei udalerrietako (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) udal agintariek eta euskaltegiek ikasturte berrirako kanpaina aurkeztu zuten asteartean, Urnietan egindako ekitaldian. Hain zuzen, zortzi euskaltegi zenba daiteke guztira, Buruntzaldean: bi udal euskaltegi (Hernani eta Lasarte-Oria) eta sei AEKrenak (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Usurbil eta Urnieta).

Maripi Sarasola Urnietako euskarako zinegotziak hartu zuen hitza, lehenbizikoz. “Buruntzaldeko Udalek euskaltegietako matrikulazioa sustatu nahi dugu, eta saiatzen ari gara egin beharreko ekarpenak eginez. Aurtengo kanpainako leloak dion bezala, Euskara jakiteak merezi duelako, eta galtzerik ez duelako eta irabazteko asko duelako”.

Euskaltegi guztietako langileen lana goraipatu nahi izan zuen Sarasolak, eta poza agertu Urnietan euskaltegi berria irekiko delako aurtengo ikasturteari begira. “Guretzat erronka handia da; Urnietako herritarrei euskara ikasteko aukera eman nahi zaie, eta itxaropentsu gaude dena ondo joango dela pentsatuta”.

Ondoren, Ainara Rodriguez Andoaingo euskarako zinegotziak aurtengo kanpainako bi leloak ekarri zituen gogora. Bata, Sarasolak aipatu zuena, eta bigarrena “baietz mila aurten! “erronka modura planteatzen da Bigarren lelo hori. Zergatik erronka? Iaz 946 izan ziren ikasten aritu ziren ikasleak eskualdean, eta aurtengo ikasturteari begira, ikasleak milara iristea da helburua; jakina, kopuru hori gaindituz gero askoz hobe”.

Rodriguezek zortzi euskaltegien eskaintza zabala azpimarratzeaz gain, gaineratu zuen herritarrek euskara ikasteko diru-laguntza handiak dituztela eskura. “HABEk matrikularen zati handi baten neurriko diru-laguntza emango die aurten ere A1etik C2ra arteko ikasmailaren bat gainditzen duten ikasleei. Bestetik, Buruntzaldeko sei udalek diru laguntzak handiak emango dizkie bertako herritarrei euskaltegietan ikasteko. Diru-laguntza horiek ez dira berdinak udalerri guztietan; bataz beste, matrikularen kostuen %75 eta %100 artekoak dira”.

 

Ongi etorria ikasle guztiei

Hernani eta Lasarte-Oriako udal euskaltegietako ordezkari Joseba Arbelaitzek Buruntzaldeko euskaltegi guztietara hurbiltzen diren ikasleoi ongi etorria eman nahi izan zien, “eskaintza oparoa baitaukagu guztiok ere. Lasarte eta Hernaniko euskaltegiak, geure aldetik,  eskaintza politarekin gatoz, eta batez ere ikasleen neurri-neurrira osatutakoarekin. 20 urtetik gorako eskarmentua eta formazio mardula duen irakasle taldea osatzen dugu, eta ikasleen helburu eta beharrei ahalik eta txukunenen erantzuten saiatuko gara”. Arbelaitzek ongi etorria eman nahi izan zien tituluaren baten atzetik (A1, A2 eta B1 mailetakoak) dabiltzan ikasleei, eta baita tituluen premiarik ez dutenei ere, “euskara mantendu, aberastu edo txukundu nahi duten horiei”.

Ohiko jarduera akademikoaz gain, euskaltegiek gaur egun eskaintzen dituzten makina bat ekintza nabarmendu zuen Arbelaitzek. Udal euskaltegiek antolatu ohi dituen horietako batzuk aipatu zituen: “asteburuko barnetegiak, bixitak, txangoak, tailerrak, mintzalagunak, Kafe tertulia…”.

Azkenik, lehen aldiz euskaltegira hurbilduko diren pertsonak, eta batik bat migratzaileak eduki zituen gogoan, ongi etorria emanez horiei: “Iaz ikasle berri dexente eduki genituen. Batzuetan, eta uste denaren kontra, gero eta ikasle gehiago arrimatzen da euskaltegietara, eta horien arten migratzaileak daude. Jakitun dira euskara jakiteak ate asko irekiko dizkiela, eta gainera, harreman sare berriak sortuko zaizkiela. Eskerrak eman behar zaie egiten duten ahaleginagatik eta euskal gizarteari egiten dioten ekarpenagatik”.

 

Bi euskaltegi berrien irekierak, laster

AEKko irakasle den Aize Otaño izan zen hitza hartzen azkena, ekitaldian. Eskualdeko AEKrentzat aurtengo ikasturtea berezi-berezia izango dela aitortuz ekin zion. “Aurreneko aldiz, Buruntzaldea osatzen duten sei herriek AEKko euskaltegi bana daukate, kontuan hartuta Urnietan euskaltegia ireki berria dela. Gainera, Andoainen egoitza zaharra itxi utzi eta berria estreinatuko dugu laster”.

Hain zuzen, irekiera ekitaldi bana ospatuko dituzte Urnietan zein Andoainen, eta horietara azaltzeko gonbidapena luzatu zuen Otañok. Irailaren 13an, asteazkenarekin, 18:00etatik aurrera ekingo zaio Andoaingo egoitzaren inaugurazioari; Urnietako ekitaldia, berriz, irailaren 26an, asteartearekin izan da, arratsaldeko 19:00etan hasita.  

Arbelaitzen antzera, Otañok ere eskaintza zabala azpimarratu zuen, hainbat arlotan ikasle bakoitzaren behar eta helburuak asebetetzeko asmoz: modulazioa, ordutegiak, jarduera akademikoaz kanpoko aisialdi ekintzak...

Eskaintzarekin lotuta, Aize Otañok Udalei eskaera jakin bat egin zien aurkezpenean, “langabetuei eskolak bideratzeko beharra ikusten dugu, eta udalei arlo horretan inplikazioa eskatzen diegu”.

Euskara ikasteak dakarren diru-kostua ere izan zuen aipagai, “Diru laguntzak jasotzeko aukera edukiko dute ikasle guztiek. Eta horrekin lotuta, etorkizunean doakotasuna ezarri beharko dela iruditzen zaigu; izan ere, euskara ikasteagatik euskal herritar batek ez luke zertan ordaindu beharrik”.

Afektibitatea izan zuen mintzagai azkenik, Otañok: “%100 afektiboa da ikasturte honetarako AEKk zabaldu duen leloa. Euskara hemengo hizkuntza denez, afektibitatea landu beharreko kontua da zalantzarik gabe. Alde horretatik, euskara ikasteko modu afektibo eta efektiboa eskaintzen dugu AEKn”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image