ESKUALDEA 2018-03-10 09:04

Itziar Gastearena, 
Errealeko kapitaina

Hogeita bost urte besterik ez baditu ere, zazpi urte eta erdi darama Itziar Gastearena billabonatarrak Errealean jokatzen. Kapitain lanak ere egiten ditu.

Errealean jokatzea zen Itziar Gastearenaren ametsa. Kapitaina da egun.

Billabonatarra

Billabonatarra zara izatez, baina Donostian bizi zara egun. Nolako lotura duzu jaioterriarekin?

Taldeko beste jokalari batzuekin bizi naiz Donostian. Gurasoei bisita egitera joaten naiz Villabonara eta bertako lagunak ere mantentzen ditut, noski. Herritar askok dakite Errealean nabilela, eta bertako neska futbolarien erreferentea ere banaiz. Nik lortu dut nire ametsa betetzea eta haiek ere aukera hori izango dute, amets hori lortzeko lan egiten badute. 

 

Etxekoek jarraitzen al dute zure futbol-ibilia?

Bai noski. Aita bereziki oso aholkulari ona da. Ondo eta gaizki egiten ditudanak esaten dizkit eta horrek asko lagundu dit ikasteko. Zubietako partida guztiak ikustera etortzen dira gurasoak eta kanpoko partidetan, ere gerturatzen dira animatzera, bidaia bera interesatzen zaienetan. Biek dakite nik gozatu egiten dudala futbolarekin, eta asko babesten eta animatzen naute. 

Lehen mailako futbolari zara egun. Baina non eman zenituen lehen urratsak futbol munduan?

Orokorrean, kirol guztiak ditut gustuko ume-umetatik. Txikitandik izan nuen garbi futbolari izan nahi nuela eta Errealeko jokalari izan nahi nuela gainera. Villabonan ez zegoen nesken futbol talderik, eta, 14 urterekin Tolosara joatea erabaki nuen. Ni baino askoz ere helduagoak ziren taldekideak. Hasieran ez nuen lehiatu ahal izateko adinik ere, eta entrenatzera bakarrik joaten nintzen. Hiru urte pasa nituen Tolosako taldean eta 17 urte nituela, Errealetik deitu ninduten.

 

Nola gogoratzen duzu Errealarekin hasteko gonbite hura?

Aldaketa handia izan zen. Bigarren mailatik pasa gabe, zuzenean lehenego mailara egin nuen jauzi, eta hasiera gogorra izan zen. Garai hartan, Errealak lesionatu asko zituen eta deitu egin ninduten. Urte hartan Erreginaren kopa ere jokatzera iritsi ginen eta partida asko jokatu nituen. Pixkanaka ikasten joan nintzen, bai entrenatzaileengatik eta baita taldekideengatik ere. Horri esker daramat 7 urte eta erdi Errealean. 

 

Nolakoa da zure egunerokoa Errealean?

Asteko egun bakarra izaten dugu entrenamendu saiorik gabe. 16:45etan da entrenamenduaren hasierako ordua, baina ohikoa da lehenago joan, eta gimnasioan prebentzio lana egitea. Bi orduko entrenamenduak egiten ditugu normalean. Lehen, asteko egun bat finkatuta izaten genuen jai egun gisa. Orain berriz, telebista emakumeen partidak eskaintzen hasi da eta horrek partida egunak baldintzatzen ditu. Partida larunbatean edo igandean izan, jai eguna ere aldatu egiten da. Telebistak, bestalde, profesionalizazio bidean bultzada handia eman dio emakumeen futbolari. Denboraldi honetan jauzi handia eman dugu zentzu horretan eta, geroz eta gehiago entzuten da gure berri. Esaterako, ekitaldi berezietara mutilak bakarrik joaten ziren lehen, neskok presentzia handiagoa dugu orain. 

 

Hala ere, soldatak, baldintzak…, oraindik gizon futbolarienengandik oso urruti daude zuenak…

Oraindik bai, baina pixkanaka bidea egiten ari gara. Bartzelona edota Athletico de Madrid horretan eredu dira. Bertako jokalariak futboletik bizi dira, soldata duinekin. Oraindik ez dira gerturatzen gizonen soldatetara, baina bizimodu duina egiteko modukoak dituzte. Gure taldean berriz, ez dago 100% futbolean bakarrik ari den jokalaririk. Ikasketak egiten ari dira batzuk, lanean beste batzuk, eta badago bietan ari denik ere. Errealak aurrerapausoa eman nahi du zentzu horretan, eta beste taldeen bide beretik, berdintasunaren aldeko apustua egitera doaz. 

Zalegoari dagokionez ere, alde handia dago mutilen eta nesken futbolaren artean. Etxekoak joaten zaizkigu animatzera, baina inor gutxi gehiago. Hala ere, partidak telebistaz eskaintzen hasi izanak indar pixka bat eman dio. Pixkanaka, geroz eta jende gehiago etortzen da Zubietara. Neska gazteak gerturatzen dira partidak ikustera, gu haien erreferentzia garelako eta hori oso positiboa da, zalantzarik gabe. 

 

Maila txiki horietan geroz eta indar handiago du emakumeen futbolak…

Bai. Ni hasi nintzenean nesken talde bakarra zegoen Tolosan. Orain berriz, alebinetatik hasi eta maila guztietan dago taldea. Horrek asko aberasten du nesken futbola. Gure liga geroz eta lehiakorragoa da eta horretan zerikusi handia du atzekoek dakarten indarra. 

 

Kirol arloari eutsiz, zer moduz doa denboraldia?

Hasiera zaila izan genuen.Hiru talde indartsu etorri zitzaizkigun; Balentzia, Athletico Madrid eta Barça. Hiru talde horien aurka joko ona egin genuen arren, ez genuen punturik lortu. Sailkapeneko azken postuan geratu ginen eta horrek, makilkada handia eman zigun. Animikoki egoera kaskarrean zegoen taldea. Horren guztiaren eraginez dinamika txarrean sartu, eta 6-7 partidatan ez genuen puntu bakar bat ere lortu. Egoera horietatik ateratzea ez da erraza. Ez dakizu zehazki zer den taldeak behar duena. Entrenatzaile aldaketa ere izan genuen momentu hartan eta ondo etorri zitzaigun. Txip-a aldatzen lagundu zigun. Gonzalo Arkonada etorrita, puntuak iristen hasi ziren. Espanyol tadearen aurkako partida izan zen aldaketa horren gakoa. Lehen puntuak etxeratuta, bolada hobean sartu zen taldea. 

Bigarren itzulian gauzak hobeto doaz. Lehen itzulian baino 9 puntu gehiago daramagu eta gure helburua Kopan sartzea da.

 

Zein da zuen aurkaririk gogorrena?

Bartzelona eta Athletic de Madrid. Aipatu dudan bezala, lehen itzulian galdu egin genuen bi talde hauen aurkako partidetan. Bigarren itzulian berriz, puntu bana etxeratu dugu. Planteamendu defentsiboagoa egin genuen eta horrelako taldeen aruka, beharrezkoa da hori. Animikoki bultzada handia eman digu horrek. Sailkapenean gora dauden talde horien aurka punturen bat lortzerik izan badugu, nola ez dugu ba hori lortuko beste taldeen aurka?

 

Maila pertsonalean, lesio larria izan zenuen duela 2 urte. Nola gogoratzen duzu trantze hura?

Belauneko ligamentu gurutzatua hautsi nuen. Oso momentu onean nengoen eta lesioak zelaitik kanporatu ninduen, denbora luzez gainera. Gogorra izan zen, baina oso saiatua naiz eta ondo errekuperatzea lortu nuen. Nik egindako lan horrez gain, laguntza handia ere izan nuen; entrenatzaileak, prestatzaile fisikoak, sendagileak, taldekideak, lagunak… Errealak babes handia eskaini zidan. 

Lesio motzetan alderdi fisikoa zaindu behar da gehienbat, baina lesioak horren luzeak direnean, alderdi psikologikoa da bereziki landu beharrezkoa. Hainbeste gustatzen zaizun hori egin gabe egon beharra ez da erraza. Egunerokoan murgildu behar duzu, eta pasatzen den egun bakoitzean hobetzen ari zarela, eta itzuleratik gertuago zaudela pentsatu. 

Lesiotik sendatu eta lehen partida oso berezia izan zen. Ez nuen sinesten hor nengoenik ere. Deialdian sartu ninduten, baina ez nuen uste jokatzeko aukera izango nuenik. Titular izan nintzen ordea, eta dena eman nuen partida hartan. Berriz ere maila onean jokatzeko moduan nengoela erakutsi nahi nuen, eta edonori postua lehiatzeko gai nintzela. 

 

Errealeko zutabeetakoa zara egun, eta kapitain lanak ere egiten dituzu. Zer nolako ardura ekartzen du horrek?

Aurten bost kapitain gaude Errealean. Entrenatzailea, kluba eta taldearen arteko zubi lana egitea egokitzen zaigu. Ardura puntu bat badu. 25 urte ditut eta oraindik gaztea naiz baina kapitain izateak erreferente bihurtzen zaitu, bai taldean eta baita kanpoan ere. Errealak nirekin kontatzea kontutan hartzekoa da, zalantzarik gabe. 

Taldea bultzatu behar duzu zelaian eta baita zelaitik kanpo ere. Talde giroa sortzen saiatu behar du kapitainak. Lider izan behar du eta hor izaerak zeresan handia du. Hala ere, urteekin ohitzen joaten zara tokatu zaizun ardura horretara. 

Talde gaztea du Errealak, baina esperientzia handikoa. Hogeita hamar urte ditu zaharrenak, eta 18 gazteenak. Nolanahi ere, eskarmentu handia dugu guztiok ere eta horrek heldutasun handia ematen du. Izan ere, diziplina handia eskatzen du lehen mailako futbolari izateak. 

 

Zein izango litzateke zure erreferente futbolean?

Maite Lizaso aipatuko nuke. Errealean aritu zen eta lider sena zuen, beti lanerako prest zegoen. Beti mirestu izan dut. Lesioen eraginez utzi egin behar izan zuen futbola, baina bera izan da nire erreferente eta beragatik ikasten saiatu izan naiz. Irene Paredes ere aipatuko nuke. Futbol ibilbide ikaragarria egiten ari da. Errealean hasi, Athleticen ere bidea egin zuen eta orain PSG-n ari da. Gainerakoan, gizonezkoen futbolean, Xabi Alonso izan da nire gustukoena. 

 

Pentsatu al duzu zer egingo zenukeen beste talderen bateko eskaintza iritsiko balitz?

Gauza asko begiratu beharko nituzke. Nire bizitza ez da futbola bakarrik. Bigarren karrera egiten ari naiz, eta lan ere egiten dut. Eskaintzaren bat iritsiz gero, ondo pentsatu beharko nuke zer egin. 

Momentuz, Errealean ahal dudan mailarik onenean aritzea da nire asmoa eta horretarako lanean jarraitzea. Ea Erreginaren Kopan sartzea lortzen dugun eta behin sailkatuta, irabaztea izango litzateke helburua, noski. 

 

Ikasketak, lana eta futbola bateratzen dituzula aipatu duzu. Kontaiguzu…

Magisteritza ikasi, eta hezkuntza berezian espezializatu nintzen. Lana aurkitzea oso zaila egin zitzaidan, ez delako erraza futbolarekin bateratzea. Ume bat zaintzen aritu nintzen urtebetez, eta berriz ere ikasketei eustea erabaki nuen. Gizarte lana ikasten ari naiz, distantzira. Bigarren ikasturtean ari naiz, eta gustura. Jendeari laguntzea da niri gustatzen zaidana eta ikasketak alde horretara bideratu ditut. Aukera ona egin dudala uste dut. 

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image