ESKUALDEA 2018-04-12 13:30

Autobus zerbitzuaren proiektua, kezka iturri

Foru Aldundiak autobus zerbitzuaren inguruko aurreproiektua aurkeztu zuen udan. Beñat Atxega eta Ainhoa Elgezabal TSST enpresako gidariak dira.

Usurbilgo Noaua aldizkariko kideek elkarriketatu dituzte Ainhoa Elgezabal eta BeƱat Atxega.

Autobus-lineak

Autobus-lineak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira. Bidasoaldean eta Oarsoaldean egin zuten gauza beretsua egin nahi dute Buruntzaldean eta Tolosaldean: garraio publikoan ari diren enpresak (Garaiar, HASA, TSST) bakar batean elkartu eta enpresa berri horrek kudeatuko lituzke gure inguruko autobus-lineak. Aldaketa honek, langileei ez ezik, enpresei ere eragingo lieke.

TSSTko gidariak zareten aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun sailaren egitasmoak zein neurritan eragingo dizue zuei?

Aurreproiektuaren arabera, ‘Buruntzaldea’ izeneko enpresa sortuko lukete eta enpresa berriak Hernani, Astigarraga, Lasarte-Oria eta Tolosarainoko lineak bereganatuko lituzke. Gure enpresak, TSST, Lasarte-Orian du egoitza eta Tolosa-Donostia arteko autobus-lineak egiten ditugu nagusiki.

Egitasmo berriak nolako eragina izango du egungo garraio zerbitzuan?

Ez dago batere argi. Aurreproiektuaren arabera, zerbitzu batzuk desagertu egingo dira eta beste batzuk asko murriztuko dituzte. Adibidez, Ospitalerako autobus zerbitzuaren ordutegia murrizten badute, eragin zuzena izango du gure lanean baina baita herritarrengan ere. Aurreproiektutik proiektura nolako aldaketak egingo dituzten ez dakigu, eta kezkatuta jarraitzen dugu.

Zuen kasuan, TSSTko lankideen artean, zer nolako giroa duzue?

Oso egoera ezberdinean gaude. Nik (Ainhoa) urte asko daramatzat konpainian lanean. Ni subrogatu bezala joango nintzateke enpresa berrira. Baina Beñaten kasua ezberdina da. Hasiberria da eta ez dakigu zer gertatuko den bere egoeran daudenekin. Dena den, denak gaude kezkatuta.

Ainhoa, zu Murrizketarik Ez Plataformako kide zara. Nortzuk osatzen duzue?

Hernaniko talde bat hasi zen batzen eta gu, hasiera batean, entzule bezala joaten hasi ginen. Langile gisa, Foru Aldundiaren egitasmoak eragin zuzena duelako gure jardunean. Baina plataforman denetariko jendea dago: Erabiltzaileak, pentsiodunak, gidariak...

7.000 sinadura batu dira…

Firma-bilketa ahalik eta handiena egiten saiatu gara eta eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei. Elkarren laguntza beharko dugu denok.

Plan berria indarrean sartzen denean, nola egingo da egokitzapena?

Proiektua onartzen denean, Foru Aldundiak lehiaketa antolatuko du eta enpresek lehiaketa horretara aurkeztu beharko dute. TSST-ko langileok adibidez, ez dakigu gure egoitza non egongo litzatekeen edota zein lan-hitzarmenaren arabera arituko ginatekeen lanean.

Eta zuen enpresan, zer diote nagusiek?

Nagusiek ere ez dakite gauza handirik. Aurreproiektuaren oinarriekin ari dira lanean eta momentuz ez dute egoera txukun ikusten.

Proiektuak jada argitaratuta egon beharko luke. Baina alegazio asko egon dira eta badirudi pauso bat eman dutela atzera.

Aldundiak zerbitzuak berregokitu egin nahi dituela dio. “Optimizatu” hitza erabiltzen dute.

Bai, hala diote. Baina garraio publikoa izanik, maiztasun jakin bat eskaini beharra dago. Frekuentzia batzuetan, goizeko 10:15ekoan adibidez, autobus batzuk erdi hutsik ibili daitezke. Joanekoan akaso, baina bueltakoan beteta datoz. Gure enpresan adibidez, autobusak tope ibiltzen dira.

Negoziazio mahaia osatzea eskatu duzue behin eta berriz. Harreman zuzenik izan al duzue Foru Aldundiaren Mugikortasun sailarekin?

Bilera eskaerak egin ditugu, alegazioak aurkeztu ditugu... Baina gurekin ez da inor kontaktuan jarri. Eskatzen dugun bakarra da guk ere gure iritzia emateko eskubidea. Gu gara gidariak, gu gara zerbitzua eskaintzen dugunak eta badakigu nolako beharrak dauden.

Zer esango zeniekete autobusetako erabiltzaileei?

Eskerrak eman nahi dizkiegu. Jende asko hurbildu da galdetzera, informatzera, sinatzera... Eta euren sinadurak zerbaiterako balio dutela adierazteko, Foru Aldundian entregatu genituen. Hor gaudela eta hor jarraituko dugula adierazi nahi diegu.

Autobusetan ibiltzen den bidaiariaren profila definituko al zenigukete?

Emakumea, batez ere, Donostiara lanera doan emakumea. Unibertsitateko ikasle asko eta ospitalera doazenak. Pentsiodunak ere, asko. Ikusten duzun moduan, profila oso ezberdina da. Jendeak murrizketa hitza entzuten duenean, larritu egiten da. Lanera, ikastera edo ospitalera hurbiltzeko bidea arriskuan ikusten duelako.

Iruzkina Idatzi

Captcha image