ESKUALDEA 2018-04-13 11:02 1

"Ehiza beharrezkoa da"

Igandean, apirilak 15, Euskadiko eta Gipuzkoako Ehiza Federazioek ehizaren aldeko manifestazioa antolatu dute Donostian. Ehiza mundua gehiago ezagutu asmoz, Niko Urrutia Andoaingo Fielato Elkarteko ordezkariak argibide ugari eskaini ditu.

Fielato Ehiztari Elkarteko kideak aurtengo basurde batida batean. Argazkia: Niko Urrutia.

Ehiza Euskadin, datu bidez

Fielato ehiztari elkartea (Andoain)

  • 45 kide.
  • 12.000 euroko aurrekontua.

Andoaingo bi ehiztari kuadrila txikiren uztarketaz sortu zen Fielato ehiztari elkartea, duela 15 urte inguru. Kudeaketa gastuak eraginkorragoak izateko helburuz batu ziren.

Egun 45 kidek osatzen dute elkartea, baina urtean zehar 60 lagun inguru aritzen dira ehizean.

Gehiengoak gizonezkoak badira ere, pixkanaka badoaz emakumeak taldera gehitzen, hala nola, Izorne Tena edo Saioa Urrutia. Berriki bi andoaindarrak Martxoak 8, 8 emakume kalejiran omendu zituzten.
Adinari dagokionean, 55 urtetik gorako gizonezkoak dira nagusi. Ondoren, 30-50 urte bitartekoak.

Euskadiko datuak
Gipuzkoako Ehiza Federazioak, larunbateko manifestazioaren harira zabaldutako bideoan, ehizak Euskadin duen eraginkortasuna azaldu nahi du:

  • 60.000 ehiztari.
  • 380 ehiza elkarte eta erakunde.
  • 50 enpresa.
  • 1.850 lanpostu.
  • 180.000.000 euroko eragin ekonomikoa.

"Euskadin Ehiza Bai" lemapean ekingo diote manifestazioari,  igandean Donostian. 12:00etan abiatuko da Easo plazatik, eta Alderdi Eder parkean amaituko da ibilbidea, Udaletxearen aurrean.Lau aldarrikapen nagusi zabaldu nahi dituzte manifestazioaren bitartez, hala nola, ehiza defentsa soziala, ehiztariekiko errespetua, animalisten presioekin amaitzea eta ehiza jarduera legala eta arautua dela aldarrikatzea. Euskadiko eta Gipuzkoako Ehiza Federazioez gain, Euskadiko Pagauso ehiztarien elkartea, Funcasbiod eta Araba Caza ere batu dira igandeko manifestaziora. ENBAk ere babesa agertu du, baserritarrak manifestaziora agertzeko eskatuz.

1991. urtean egin zen azkenekoz maila horretako ehiztarien manifestazioa; kasu hartan, kontrapasaren defentsan. Estatu espainiarreko 50 hiritan egingo da ehizaren aldeko aldarria Espainiako Ehiza Federazioak antolatuta, Ehizeko Bulego Nazionalaren laguntzarekin. Eurekin egin dute bat Bilbok eta Gasteizek "Ehizaren eta ehiztarien defentsan" lemapean.

Andoaingo Fielato elkarteko zenbait kide Donostiara joatekoak dira igandean. Niko Urrutia ordezkariarekin luze eta zabal hitz egin dugu ehiztariek egun bizi duten egoeraz.

Ehiza, animaliak hiltzea baino gehiago da
Batez ere ehiza larria praktikatzen dute Fielato Elkartean, esaterako, basurdeak eta orkatzak. Animalia horiek kalteak eragiten dituzte nekazal inguruetan, sagastietan, artasoroetan, baserritarren abereengan...

Niko Urrutia Fielato Elkarteko ordezkariak ondorengo gertakariarekin azaldu du egun ehiztariek bizi duten liskarra: "Zure sagastian orkatza sartu, eta datorren urtean sagardoa egiteko sagarra lortuko duzun sagarrondoko adartxo guztiak jaten badizkizu? Niretzat momentu horretan sortzen da liskarra".

Kritika asko ez-jakintasunetik sortzen direla dio Urrutiak, eta honela argudiatzen du: "Ehizean hasi aurretik, baserritarrekin eta artzainekin koordinatu behar izaten dugu, euren abereak bil ditzaten". Ehiza jardunaren atzean jarraitu beharreko −eta jendeak ezagutzen ez duen− protokolo zorrotza dagoela gehitu du. "Baserritarrari etxe ondoan  basurdeak kalte eginez gero, hark guri abisatzen digu. Basurdea bertan uzten badugu, hori ere gure kontra dator, animaliak sortutako kalteak guk ordaintzen ditugulako", adierazi du Urrutiak ehiztariek lan soziala egiten dutela aldarrikatuz. "Ehiztariak existituko ez bagina beste zerbait asmatu beharko litzateke. Baserritarrak eta artzainak bukatu egingo lirateke, beren lurrak eta ganadua ezingo lukeelako mantendu". Gainera, ordainsari handiena baserritarrengandik eta artzainengandik jasotzen dutela esan du, beraiei laguntzeagatik.

Ehiza ez dela animaliak hiltzea bakarrik azpimarratu nahi izan du: "Ehiza garaitik kanpo, urtero basoa garbitzen dugu auzolanean. Egun ezagutzen ditugun mendiak egoera onean badaude baserritarrei eta artzainei esker izan da, horiek ere ehizan ibili baitira".

Ehiza denboraldia, luzeago urtetik urtera
Azken bi urteetan ehiza denboraldia luzatzea erabaki du Foru Aldundiak. "Duela urte asko urtarrilean bukatzen zen ehiza denboraldia, gero otsailean eta egun martxoraino luzatu da basurdeak sortzen ari diren kalteengatik", azaldu du Fielato Ehiztari Elkarteko ordezkariak.

Ehiza araututako eta kontrolatutako jarduera da, baina tarteka ehiza denboralditik kanpo ehizatzera joan beharra izaten dute ehiztariek. "Kanpokoen ikuspegitik animalia babestu nahi da,  eta Aldunditik, berriz, ehizara joateko eskatzen digute animaliak kalteak eragiten ari direlako. Zaila da bien arteko oreka aurkitzea", dio Urrutiak ehiza denboraldia luzatzeari buruz. Hala eta guztiz ere, ehiza debekua mantendu behar delakoan da: "Garai honetan basurdeak euren kumeekin daude, eta umeekin dagoen basurdea botatzea guretzako ere kalte da". Ondorioz, ehiza denboralditik kanpoko egunetan ehizatzera joan edo ez zalantzati egoten direla gaineratu du.

Emakumeak eta gazteak
Gizonezkoen munduari atxikitu zaion jarduna izan da −eta da  oraindik− ehiza. Baina pixkanaka gehiago dira ehizean aritzera animatzen diren emakumeak. Horren adibide da martxoaren 8an Andoainen omendutako emakumeen artean zeuden bi ehiztari: Izorne Tena eta Miren Dominguez. Gizonezkoen artean babestua sentitzen dela adierazi zuen Tenak martxoaren batean egin zuten agerraldian: "Taldean emakume gehiago egotea nahi dute, eta ehizean aritzen erakusten digute". Dominguezek aitak anaiarentzat nahi zuen afizioa bereganatu du: "Aitak anaia ehizara eraman nahi zuen, baina hark ez zuen nahi. Nik joan nahi nuela esatean Benetan?, ba eramango zaitut erantzun zidan, amore eman baitzuen anaiarekin".

Urrutiaren alaba Saioa ere ehiztaria da, 14 urterekin. Ehiza baimena eskuratu berri du, eta aitarekin eta Fielato Elkarteko gainerako kideekin batera joaten da ehizera. Txikitatik erakutsi du ehizarako duen zaletasuna, eta ehiztari familiakoa izanik gertutik ezagutu du ehizaren jarduna. Bere izeba ere ehiztari izandakoa da. Emakume gehiago animatzen ditu Urrutiak ehiza praktikatzera, haren ustez "emakumeek sen berezia dute ehizerako".

Gazteen artean ehizarako geroz eta afizio gutxiago dagoela azaldu du andoaindarrak eta horren arrazoia gizartean zabaldu den ehizaren eta ehiztarien aurkako mezuak direlakoan da: "Eskolan nahiz hedabideetan ez da osotasunean erakusten ehizaren jarduna, animaliak hiltzen ditugula baino ez da erakusten". Herri txikietan baino  gehiago hiri handietan galtzen doan afizioa da, halere.

Euskadi osoko 60.000 ehiztari daude deituta igandean. Niko Urrutiak adierazi duenez, "ehiztariok baztertuta gaudela sentitzen dugu, eta ehiztariak asko garela erakustea da gure helburua". Batik bat Aldundiari eta politikoei zuzendutako mezua da igandekoa, eta igandeko manifestazioarekin ehiza jardunarekiko eta ehiztariekiko errespetua eskatu nahi dute. Guzti horretan hedabideek pisu handia hartzen dutela dio Urrutiak, eta sarritan ehiztari zehatz batzuen jarrera orokortzeaz kexu da: "Gizarteak oro har aktibitate natural gisa ikusten du ehiza; bestelako kontuak dira gehiegikeriak, hala nola, ehiza denboraldia amaitzean zakurrak abandonatzea". Jarrera hori ezin zaiela ehiztari guztiei leporatu gaitzetsi du. Manifestaziora jende ugari hurbilduko delakoan da andoaindarra.

Ehizaren aurkako manifestazioa
Ehiztarien manifestazioaren aurka agertu da Askekintza kolektiboa. Euren lema honakoa da: "Bizitzeko eskubidea, ez inor hiltzekoa". Igandean egingo dute manifestazioa, 17:00etan Donostiako Bulebarreko kioskoan.

Iruzkina Idatzi

Captcha image