ESKUALDEA 2018-06-01 14:58

Makina-erremintaren sektoreak bizi duen "une gozoa" nabarmendu du Olanok Biurtekoan

Barakaldoko BECen egiten ari den Makina-Erremintaren Biurtekoa (BIEMH) bisitatu du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok, Gipuzkoako hainbat enpresa ari baitira parte hartzen topaketan.

[BABESTUTAKO EDUKIA]

Foru arduradunak azaldu duenez, feriak “sektoreak bizi duen une gozoa uzten du agerian”, eta gogoratu du alor hau “gure industriaren zutabe nagusietakoa dela”. Olanok zenbakiekin lagundu ditu bere adierazpenak. Izan ere, aurreratu duenez, Gipuzkoako industriaren salmentak %11,4 hazi ziren apirilean eta, horrela, %4,6ko igoerarekin itxi dute urtearen lehenengo lauhilekoa. Diputatu nagusiaren iritziz, aipatutakoa bezalako datu makroekonomikoak edota Biurtekoan lurraldeko 100dik gora enpresa egotea makina-erremintaren bultzadaren adierazle argiak dira.

Foru arduradunarekin batera, Barakaldoko topaketan izan dira Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Garapeneko diputatu den Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapeneko foru zuzendari den Garikoitz Agote eta Berrikuntza foru zuzendari den Antton Tomasena. Beraiekin egon dira Cesar Garbalena, AFMko presidentea, eta Xabier Ortueta, zuzendari nagusia. Foru ordezkaritzak hainbat erakusketari bisitatu ditu, eta gertutik ezagutu dituzte 4.0 industria edota laugarren industria iraultza delakoak dakartzan azken aurrerapen teknologikoak. Fagor Arraate, Danobat, Lagun, Goratu, Ibarmia, Juaristi, Goizper, Delteco, Soraluce, Korta… dira ferian ordezkatuta dauden Gipuzkoako enpresetako batzuk. Guztira, lurraldeko 120 eragile inguru daude Biurtekoan, makina-erremintaren sektoreko enpresa, zentro teknologiko eta beste zerbitzuak eskaintzen dituzten konpainien artean.   

Topaketaren aurtengo edizioa errekorrekoa izaten ari da. Aurrekaririk gabeko parte hartzea izaten ari da: 1.750 enpresa, 1.200 makina, 3.000 produktu, 300 berrikuntza martxan… Makina-erremintaren sektorea, gainera, une gozoan iritsi da hitzordura, 2017 urtea errekorreko fakturazioarekin itxi eta aurtengorako hazkunde aurreikuspenak dituztelarik. Horrela, “legealdiaren lehen egunetik” ekonomia sustapena Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasun nagusietakoa dela gogoratu du diputatu nagusiak. “Horregatik gaude hemen, Gobernu honek beti egin izan duen bezala, gure lurraldearen ehun ekonomikoarentzako hain garrantzitsua den sektorea babesten”, adierazi du. “Etorkizuneko industria da gaur hemen ikusten ari garena, eta etorkizunerako jauzi hori ematen lagundu behar diegu gure enpresei”, gehitu du.

Ekonomiak bizi duen momentu onean ere jarri du azpimarra Olanok, bereziki makina-erremintaren sektoreak. Diputatu nagusiak aurreratu dituen Gipuzkoako foru Ogasunaren datuen arabera, lurraldeko enpresen salmentak %12,7 hazi ziren apirilean, eta %5,9eko igoera metatua dute jada urteko lehen lau hilabeteetan. Industriak antzeko portaera izan zuen, apirilean %11,4 gehiago saldu baitzuen, eta %4,6ko hazkunde metatuarekin itxi du urtearen lehen lauhilekoa. Enplegu eta soldaten arloan ere datuak positiboak dira, bi adierazleak %4,4 eta %5 hazi baitira urteko metatuan, hurrenez hurren. “Zifrak onak dira, eta bilakaera positiboa adierazten dute gainera. Gure erronka nagusia agertoki hau finkatu eta bete-betean gure lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko lanean jartzea da”, itxi du Olanok.

Iruzkina Idatzi

Captcha image