ESKUALDEA 2018-06-07 11:30

Eskola Txikien Festa ekainaren 10ean, Oikian

Auzo eta herri txikietako eskolek euren egun handia ospatuko dute ekainaren 10ean. Oikian elkartuko dira aurten, jai giroan.

Eskola Txikien Festa ekainaren 10ean, Oikian

Kilometroak 2020, Villabona eta Zizurkilen

Maiatzaren 21ean, Milimetroak jaia ospatu zuten Zubimusu ikastolako kideek. Egun osoko festaren ondoren, iragarpena egin zieten Villabonako Errebote plazan elkartu ziren guztiei: 2020 urteko Kilometroak festa, Villabona eta Zizurkilen ospatuko da. Bertaratutakoek gustura hartu zuten albistea. Formatu berriko Kilometroak izango da 2020koa, egun bakarrekoa izan beharrean, urtean zehar ere ekitaldi ezberdinak hartuko dituena. 

Eskola Txikiek herri eta auzo txikientzat duten garrantzia aldarrikatzeaz gain, eskola ezberdinetako kideak bildu, eta elkarrekin jai egunaz gozatzea da eguneko helburu nagusia. Eskualdean, hiru Eskola Txiki daude egun: Adunako Herri eskola, Larraulgo eskola, eta Zizurkilgo San Millan eskola. Gipuzkoa osoan, 26 Eskola Txiki daude, publikoak, adin aniztasunean aritzen direnak eta landa eremuan kokatutakoak. 

Urtero herri edo auzo ezberdinak hartzen du Eskola Txikien festa antolatzeko ardura, eta aurten, Oikian ospatuko dute festa. Itziar Garciarena Oikiako eskolako zuzendaria da: “Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira; bertan, umeek aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan. Eskola Txikiak eskola modernoak eta kalitatezkoak dira. Eskola Txikietan egunero erakusten dugu gutxirekin asko egiteko indarra, eta hori ospatu nahi dugu jai honekin”. Horrez gain, Itziarrek azpimarratu duenez, “egun handi honen antolaketak esfortzu handia suposatzen du eta bertan herri osoa dabil murgilduta: ikasleak, irakasleak, gurasoek eta herriko jendea”.

 

Gonbita

Dambo Diaby eta Urko Larrañaga haur oikiarrek, euren aldetik, festara gerturatzeko gonbita luzatu dute: “Lan asko egiten ari gara jaia prestatzeko: eskola margotu dugu, gune bakoitzerako kartelak egin ditugu, dantza eta koreografiak prestatzen ari gara… Horregatik, beste eskola txiki guztietako haurrak ere gonbidatu nahi ditugu. Esan nahi diegu, gurekin batera, etortzeko ondo pasatzera!”.

 

ekainaren 10ean

Unai Gijarro, eskolako gurasoak eman ditu festaren inguruko xehetasunak: “Bost gune izango ditu eta harrera gunean hasiko da festa, eskola berria eraikiko den tokian. Festa koloretsuak emango dio hasiera, ekainaren 10ean, 10:30etan. Ondoren, ez da faltako tailer, jolas, pailazo, bazkari, apar-festa, eta gainerakorik ere”. Eskola Txikien arteko lotura ere azpimarratu nahi izan du Unaiek: “Festa honen helburuetako bat bada Eskola Txikien arteko lotura hori. Horrez gain, esan nahi dugu Oikia txikia izanik, esfortzu handia eskatu digula festa antolatzeak. Jende aldetik gutxi gara, eta baliabide aldetik ere nahiko murritza. Horrek ez du esan nahi festa ederra antolatzeko gogorik falta zaigunik. Ahalegin guztia jarri dugu horretan. Jendea asko inplikatu da festa honekin eta denon artean, mimoz eta gogoz, festa ederra antolatuko dugu”.

 

Festara gerturatzeko gomendioa

Oikiara gerturatzeko gomendio berezia ere zabaldu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, Gure Esku Dagok giza katea antolatu du egun horretarako. “Kostan barrena pasatzen da giza katea. Autopistaz gerturatzeko asmoa dutenek, 48. irteeran ateratzea izango dute onena, Zestoa-Zumaia irteeran. Hortik, Iraetan barrena, Aizarnazabalera jo eta Oikiako industriagunean prestatutako aparkalekuetan izango da autoak uzteko aukera”.

Aurtengo jaia amaituta, Aginagari egokituko zaio lekukoa hartu eta datorren urtekoa prestatzen hastea. 2019ko ekainaren 14an, bertan elkartuko dira Eskola Txikietako kideak.

 

Egitaraua

10:30 Harrera ekitaldia.

11:30-13:30 Jolasak eta tailerrak gunez gune. Puzgarriak txikientzat.

11:30-13:30 Eskola ikusteko aukera zabalik.

14:00 Bazkaria.

15:00-18:00 Zaldiak, poniak eta pottokak.

15:30-16:30 Dantza saioa Zumaiako bandarekin.

16:00 Gorriti eta Lopene bere animaliekin.

16:30 Potxin eta Patxin pailazoen “Hondartzan” ikuskizuna.

18:00 Apar festa.

Iruzkina Idatzi

Captcha image