ESKUALDEA 2018-06-08 08:33

Lanen erdi eginda dagoela dio Aldundiak

Markel Olano diputatu nagusia eta Jose Ignacio Asensio, Hondakinen Kontsortzioko lehendakari eta Ingurumeneko diputatua, Gipuzkoako Ingurumen Guneko (GIG-1) obrak ikustera joan dira Zubietara.

[Eduki babestua]

Egindako bisitaldian, arduradun politikoek lanen egoera egiaztatu ahal izango dute; hala, obra osoaren erdia egina dago eta, eraikuntza eta obra zibileko lanei dagokienez, % 70era iritsi da. Zehazki, tratamendu mekaniko biologikoko eta biolehorketako plantei dagozkien eraikinak amaituta egongo dira laster. Era berean, balorizazio energetikoko plantaren egiturak oso aurreratuta daude. Ekipamendu industrialen ezarpena egiten ari da, eta aurrera doa aurreikusitako epeen arabera. Amaitzen ari dira erraustegiak izango dituen bi labeetako lehenaren instalazio lanak, eta hasiak dira, baita ere, bigarren lerroko lanak. Hain zuzen ere hori da tamaina eta konplexutasun handieneko ekipoetako bat.

 

Obraren exekuzioari dagozkion datu adierazgarrien artean, honako hauek nabarmendu daitezke: urbanizazioa, % 70ean osatuta dago; ur depositua, % 95ean eta ia amaituta; tratamendu mekaniko biologikoko planta, eraikinaren % 80 egina eta ekipoen % 65 instalatuta; biolehorketako planta, eraikinaren % 80 egina eta ekipoen % 15 ezarrita; balorizazio energetikoko plantaren zuloa ia guztiz egina dago (% 80), eraikinaren % 40 egina eta 1. eta 2. lerroko ekipoen % 15 instalatuta.

 

Era berean, proiektuaren zenbateko handien artean beste hauek nabarmentzen dira: 110.000 m3 indusketa eta 100.000 m3 betelan; zimenduetan 14.200 m3 hormigoi armatu erabili dira eta 6.100 m3 altxaera eta hormetan; zimenduak hobetzeko 5.900 m mikropilote eta 3.500 m3 hormigoi erabili dira; halaber, 3.500 tona altzairu korrugatu erabili dira zimenduetan eta hormetan.

 

Diputatu Nagusiak Gunearen eraikuntza lanen martxa nabarmendu du, izan ere aurrera doaz inolako ustekaberik gabe, “Gipuzkoarentzat oso berri ona da”. “Beraz, Gipuzkoak legealdi bukaeran hondakinen arazoari irtenbidea bideratuta izango du, 2015ean hartutako konpromisoa betez”, adierazi du. Foru arduradunak gogorarazi du aurreko legealdian hiritarrek hondakinen kudeaketaren gaian irtenbideak eskatzen zituztela eta ingurumen baldintza handienekin egitea nahi zutela. “Herritarren eskaerari erantzuna eman diogu Europa mailan puntako eta erreferente diren teknologiak dituen planta bat eraikiz”, azpimarratu du.

 

Markel Olano, Diputatu Nagusiak, lanak aurreikusi bezala doazela nabarmendu du, eta azpiegiturak duen garrantzia sinbolikoa gogora ekarri du: “Gipuzkoako Ingurumen Gunearen abiarazteari esker, eztabaida amaigabeak dituen lurraldea izateari utziko diogu eta alderdi sozialean, ekonomikoan eta instituzionalean aurrera egiten duen lurraldean bihurtuko gara. Herritar gehiengoaren erabakiei erantzun ematen dion lurraldea eta arazoei irtenbidea ematen diona”, nabarmendu du diputatu nagusiak. Horrela, azpiegitura hau “Gipuzkoarentzat pauso erraldoia da. Izan ere, lurraldearen etorkizuna bultzatuko baitu”.

 

Ingurumeneko diputatuak azpimarratu du GIG-1 gunea hondakinen inguruan egindako lanaren adierazle ona dela, eta Gipuzkoa arazoen politikatik konponbideen politikara igaro dela gai horretan. Asensiok gogorarazi du EH-Bilduren legealditik jasotako egoera: hondakinetarako azpiegiturarik gabe, zabortegiak itxita, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa egundoko zorrarekin eta Gipuzkoa beste lurralde batzuekiko mendekotasun egoeran bere hondakinak kudeatzeko. Arazo horiek guztiak sortu dira gipuzkoarren borondatea ez errespetatzeagatik. Egoera hori gainditu egin da, hain zuzen ere, Batzar Nagusiek onartutako arauak errespetatuz, herritarren borondatearen isla baitira, eta liskarrak eta inposizioak alde batera utziz. Foru diputatuak azpimarratu duenez, 2019an “Gipuzkoak prest izango ditu behar dituen konponbideak hondakinen % 100 modu ekologiko, jasangarri eta eraginkorrean kudeatzeko, Europako herrialde aurreratuenek egiten duten moduan”.

 

Ingurumeneko diputatuak adierazi du Gipuzkoako Ingurumen Gunea dela “Gipuzkoako energia berriztagarriko iturri nagusia, eta CO2 isurketak murriztuko dituela gutxitu egingo delako erregai fosilen kontsumoa”. Era berean, esan du GIG-1 gunea abian jartzen denean, Gipuzkoan ingurumen kudeaketa aurreratua egin ahal izango dela, Europako helburuekin bat datorrena, eta behin betiko baztertu ahal izango dela zabortegietan eta kanpokoekiko mendekotasunean oinarritutako sistema zaharkitu bat.

 

Proiektu aurreratua

 

2019an, Ingurumen Gunea abian jartzen denean, Gipuzkoak abangoardiako zentro bat izango du hondakinak tratatzeko, kudeaketa gardena izango da eta Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoa izango du. GIG-1 guneak tratamendu planta bat izango du zaborrarekin batera (10.000 tona urtean) nahasita iritsiko diren material birziklagarrien % 7,6 berreskuratzeko; ondoren, hondakinak biolehorketako plantara pasako dira pisua eta bolumena murrizteko, eta balorizazio plantaren energia produkzioa eraginkorragoa izateko. Sortuko den energia nahikoa izango da 45.000 etxetako beharrak asetzeko.

 

Ingurumen Guneak gasak arazteko dagoen teknologiarik onena izango du, eta horri esker gas isurketak Europako araudiak ezarritako mugen oso azpitik egotea lortuko da. Zehazki, dioxinen isuria baimendutakoaren herena izango da, eta ingurumen gunearen isurketak, guztizko partikula kopurutan neurtuta, araudiak zementu fabrikentzat ezartzen duena baino 15 bider txikiagoak izango dira, siderurgiarako baimendutakoak baino 10 bider txikiagoak edo industria kimikorako aplikatutakoak baino 75 bider txikiagoak. Horretarako, instalazioetan gasak bi etapatan garbitzeko sistema guztiz berritzailea jarriko da. Espainian ez dago gaur egun horrelako sistemarik duen instalaziorik, eta Europa iparraldeko plantaren batean hasi dira jartzen orain.

 

GIG-1 gunea abian jartzeak ere eragin garrantzitsua izango du enpleguan, 80 lanpostu zuzen eta zeharkako 100 sortuz.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image