ESKUALDEA 2018-06-11 09:41

"Emakumea eta Euskal Pilota" erakusketa ikusgai Bilboko Euskararen Etxean

Erraketistei buruzko erakusketa ikusi ahalko da Bilboko Euskararen Etxean, irailaren 15a artean. Erakusketa bost ataletan banatuta dago: sakea, tanteoa, kantxa, kontrakantxa, eta hemen eta orain.

[BABESTUTAKO EDUKIA]

Atal bakoitzean tresna eta testigantza ezberdinen bidez, ahaztutako erraketisten presentzia gogora ekarri nahi da XX. mendeko mundu mailako kantxetan. Antolatzaileek azaldu dutenez "erakusketa honek omenaldia egin nahi die pilota-jokoan, zesta punta eta erraketa modalitateetan, kirolari profesional moduan aritu ziren lehenengo emakumeei, eta areago eman nahi ditu ezagutzera".

Erraketistak

Pilota sortu zenetik, indar handia izan du Euskal Herrian, baina batez ere, gizonarekin lotuta egon da. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, lorpen handienak erraketa jokoan izan dituztelarik. Azpimarratzekoa da gainera, erraketista hauek izan zirela emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak. 

Hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan erraketa jokoak. Denbora tarte horretan hainbat aldeketa egin ziren; pilotan, erraketetan, janzkeran... Garai hartan, euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.

Erraketa jokoak, beste kirol batzuek bezala, kultura nabarmena sortu zuen inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abilezia isladatu zuten, baita El Pelotari aldizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista haienganako eta haien munduarenganako interesa.

Erakusketa Euskararen Etxean

Emakume erraketistek eta haien familiek dohaintzan emandako elementu batzuek osatzen dute Bilboko Euskararen etxean irailaren 15era arte egongo den erakusketak: prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak...

Antolatzaileek azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantaila baten bidez, aukera egongo da emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den "ia dokumentazio guztia" ikusteko. Horrela erakusketara hurbiltzen direnek, mundu mailan eta pilota arloan emakumeek urte askotan zehar izan duen garrantzia eta egin duten lana ikusteko aukera izango dute.

Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean.

Informazio gehiago: azkuefundazioa.eus

Iruzkina Idatzi

Captcha image