ESKUALDEA 2018-07-21 11:03

Klasikoa Andoaindik eta Urnietatik barrena

Datorren abuztuaren 4an Donostiako Klasikoa eskualdean barrena igaroko da. Andoaingo txirrindulari eskolak eta herriko elkarteek bide segurtasuna bermatuko dute Adunako mugatik Urnietaraino. Laguntzaile bila ari dira egun hauetan.

ADUNATIK BETERRI-BURUNTZA ALDERA DATOR Tropela Adunatik barrena Andoainera iristen, iazko Donostiako Klasikoan.

Frantziako Tourra amaitu eta egun gutxira, nazioarteko txirrindularitza onenak hitzordua du Euskal Herrian. Datorren abuztuaren 4an Donostiako Klasikoaren edizio berria jokoan izango da, munduko onenak bertatik bertara ikusteko aukera paregabea.

Txirrindulariek ibilbidean zehar dizdira egin ahal izateko, ordea, isileko lan handia egin behar izaten da. Bereziki, bide segurtasunean.

Andoaingo txirrindulari eskolak Sorabillatik Leizotzeraino txirrindularien ibilbidea zaintzeko ardura bere gain hartu du. Ez dira bakarrik egongo, herriko beste elkarteetako laguntzaileak ere alboan izango dituztelako. Nolanahi ere, boluntarioen premia izango dute. Laguntzeko gogoz dagoenak harremanetan jarri beharko du Andoaingo txirrindulari eskolako arduradunekin. Harremanetarako e-posta honakoa da: info@andoaingo.eus.

Iruzkina Idatzi

Captcha image