ESKUALDEA 2018-10-04 12:22

Tolosaldeako Mintzalaguna ekimena

Aste honetan aurkeztu dute Tolosaldeko Mintzalaguna ekimena. Euskaraz ikasten ari diren pertsonak, euskaraz ondo moldatzen direnekin elkartu, eta lagunartean, euskaraz aritzea da ekimenak proposatzen duena. Villabona eta Zizurkilgo euskara zerbitzuetan eman daiteke izena:
 

Tolosaldeako Mintzalaguna ekimena

"Azkenaldian euskara bizi-bizi daukagu. Gure hizkuntza delako, arnasa ematen diguna. Eta jakingo duzuenez, Euskaraldia ate joka dugu... azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte, Euskal Herri osoan Hamaika egunez euskaraz arituko gara, edo entzungo dugu.

Ariketa ederra da benetan, baina hamaika egunetara mugatu ordez, zergatik ez urte osoan mantendu? Horretara dator aurten ere MINTZALAGUNA. Euskaldeko mintzalagunok hasi dugu ikasturtea, eta inoiz baino indartsuago gatoz.  Urte osoan zehar, astean behin, ordubetez, euskaraz hitz egitea beste helbururik ez du egitasmo honek. Lagunartean, solasean, elkarri kontuak kontatuz...  edonorekin egiten duzuna da, baina euskaraz.

 

Mintzalagunak norbere lotsak gainditzen laguntzen du, praktikatuz ikasten delako, pixkanaka. Eta jakina, harreman berriak egiteko ere aukera bikaina eskaintzen du

Beraz, herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekimen honetan parte hartzera!

Zergatik? Ekimen honetan parte hartuz, euskarari eta euskal gizarteari laguntzen diozulako.

Bidelari izan zaitezke: euskara ikasten ari dena edo euskaraz hitz egiteko zailtasuna duena

Edo bidelagun: euskaraz dakiena edo euskaldun zaharra, eta euskaraz egin nahi duen horri lagundu nahi diozu.

Era batera edo bestera, modu asko ditugu gure hizkuntzan eragiteko, eta ziur gaude Mintzalaguna horietako bat dela".

Egitasmo honetan Izena eman nahi duenak Villabonako eta Zizurkilgo Euskara Zerbitzuetara jo dezake. Animatu eta parte hartu!

Iruzkina Idatzi

Captcha image