ESKUALDEA 2018-10-08 09:55

Baserritarren eguna euripean ospatu dute Urnietan

Arrosarioko Amaren Ohorezko Jaia ospatu zuten atzo Urnietan, baserritarren eguna, alegia. Euripean aritu ziren Astigarragako Emarri taldeko neskak 550 kiloko harriari tiraka. Ondoren, Andoni Mendizabalen zaldiak 1.000 kiloko harriari tiraka ikusteko aukera egon zen. Udal pilotalekuan zesta puntako jaialdia egon zen, eta indarrak hartzeko txekor jate solidaria antolatu zuen Aizkibel harrobiak.

[Argazkiak: Herri kirolak | Zaldi proba | Txekor jatea | Zesta punta]
 

Txekor jate solidarioa Udaletxearen arkupean egin zen euriagatik.

Astigarragako Emarri taldeko neskek 550 kiloko harriari tiraka erakustaldi bikaina eskaini zuten. 15 minututan 33 plaza, 3 zinta eta metro bat osatu zituzten. Ondoren, Andoni Mendizabalen zaldiaren txanda izan zen. 9 urte eta 580 kilo ditu zaldiak, eta 1.000 kiloko harriarekin 68 plaza burutu zituen 20 minututan.

Ondoren, Udal pilotalekuan zesta puntako XI. Willy Etxeberria memoriala ospatu zen. Hauek izan ziren bikoteak: Unai Lertxundi-Mikel Manzisidor eta Ekaitz Mendizabal "Goixerri"-Aitor Andonegi.

Tartean indarrak hartzeko, txekor jate solidarioa eta sagardo dastaketa antolatu zuen Aizkibel harrobiak San Joan plazan. Leku berean, euskaraldian izena emateko aukera ere egon zen.

Iruzkina Idatzi

Captcha image