ESKUALDEA 2018-11-12 07:57

Abiatu da aurtengo Errigora

Nafarroa hegoaldean jaiotako ekimena da Errigora. Bertako produktuak Euskal Herrian barrena zabaltzearekin batera, euskarari arnasa ematea da helburu nagusia.

Kanpaina berezia: Euskarari eta Nafarroako produktuei bultzada

Non eskatu

Eskualdeko gune askotan dago zabalik Errigorako saskien eskaera egiteko aukera.

www.errigora.eus/non-eskatu webgunean ageri da zerrenda osoa. Andoainen, Aita Larramendi ikastolan eta AEK euskaltegian eskaintzen dute eskaera egiteko aukera. Amasa-Villabonan, Gaztetxean eta Zubimusu ikastolan egin daiteke eskaera.

Kanpainaren informazio gehiago jaso ahal izateko,  www.errigora.eus/nafar-hegoaldeko-uzta-euskarari-puzka webgunea erabil daiteke.

Aiurri hamaboskariak Errigora ekimenaren saski bat zozkatuko du.

Egunetik egunera zabalagoa den lagunarteak ematen dio gorputza ekimenari; herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzailez osatutako sarea osatuz.

Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea da Errigoraren helburuetako bat, urrunekoen ordez bertako produktuak kontsumitu ditzagun. Bide horretatik, Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea da ekimenaren bigarren helburu nagusia.

Auzolana

Ekimena gauzatzeko erabiltzen duten moduak, auzolanak, hirugarren helburu bat betetzeko bidea ere ematen dio ekimenari: Herrigintza. Elkarlanean oinarritzen dute euren ekina, lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.

‘Nafarroa hegoaldeko uzta euskarari puzka’ da Errigora ekimenak udazken honetan abiarazi duen kanpaina: Urtero Errigorak, Ikastolen Elkartea, Zazpiak Bat, Sortzen eta Aek-rekin elkarlanean, nafar produktuz osatutako otarren salmenta kanpaina abiarazten du. 50 euroren truke, nafar produktuz osatutako saskia eskuratu ahal izango da. Euskal herriko hainbat txokotan jarriko dute salgai eta ateratako dirua (%25), euskara ofiziala ez den eremuko euskalgintzako proiektu ezberdinetara bideratuko da urtez urte.

Saski berdinak merkatuan erosiz gero ere 50 euro balioko lituzke. Alabaina, herritarren lan bolondresak egindako bitartekaritza lanak, %25 euskarari bideratzea errealitate bihurtzen du.

Kontsumo ohitura berriak

Bestetik, ‘Nafar Hegoaldeko uzta eskutik eskura’ kanpainaren bidez, kontsumo ohitura berriak garatu nahi ditu Errigorak. Udazkeneko saskian dastatu eta gustatu zaigun hori, prezio zuzen eta erakargarrian urte osorako eskuratu ahal izatea da ekimenaren abiapuntua. Produktu horien kontsumoa erraztu eta ekoizpena sustatzea alegia, beti ere auzolanean.

Iruzkina Idatzi

Captcha image