ESKUALDEA 2019-01-11 09:43

"Bilboko eta Baionako kaleak jendez lepo ikusi nahi ditugu"

"Orain presoak" lemapean, Sarek manifestazio bana deitu du Bilboko eta Baionako kaleetan. Bilbora joateko autobusak antolatu dira. Andoaindik 14:45ean irteera Makaldegitik, eta Urnietatik ordu berean Matxo taberna paretik. Beterri-Buruntzako Sare Herritarreko kideekin solastu gara.

Sare taldeko kideak sentsibilizazio lanetan aritu dira azken egunetan.

“Orain presoak” dinamikarekin, urtarrilaren 1ean taldeko argazkia atera zenuten Adarran. Andoaindik eta Urnietatik jende asko espero al duzue asteburuko manifestazioetan?
Bilboko eta Baionako kaleak jendez lepo ikusi nahi ditugu, ezin gehiago. Kaleak bete estatu-erakunde askotan nagusi den gorrotoa eta mendeku-gosea amaitzeko. Manifestazioa isila izango bada ere, presoen eskubideen aldeko oihu, aldarri ezin ozenagoa izatea nahi dugu, espetxe-politika aldatzeko nahia eta konpromisoa duten milaka pertsonen topagune.

Zein da inguruko presoen egoera?
Orotara, 26 preso daude eskualdean: Andoainen 2, Astigarragan 1, Hernanin 16, Lasarte-Orian 3 eta Usurbilen 2. Askotarikoa da horien egoera. Ibon Fernandez lasartearrak esklerosi anizkoitza du, eta Gari Arruarte hernaniarrak endekapen-espondilitia. Beraz, gaixotasun larri horiekin, libre beharko lukete. Jose Javier Zabaletak hernaniarrak 28 urte daramatza espetxean. Frantzian preso egondako denbora kontuan hartuz gero, berak ere libre beharko luke.  Jose Luis Agirre astigarragatarrak 22 urte eta Jabi Gallaga lasartearrak 21 urte. Zigorraren 3/4ak beteta dituzte zenbait presok, eta, horrenbestez, libre beharko lukete.

Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga usurbildarren 2 urteko alaba, espetxean jaio zen, eta bertan bizi da amarekin. Hainbatek seme-alabak dituzte. Ama edo aita ikusteko ehunka kilometroko bidaiak egin behar izaten dituzten motxiladun haurrak dira. Euren eskubideen erantzule eta bermatzaile diren administrazioek urratzen dituzte, hain justu eta  behin eta berriz, eskubide horiek. Noiz arte perbertsio politiko eta arduragabekeria hori?

Oro har, Euskal Herritik urrunen dauden espetxetan daude guztiak, besteak beste, Kordoban, Sevillan, Lannemezan-en, Algecirasen, Reau Sud Francilien-en, Almerian, Granadan edo Jaenen. Alegia, 800 kilometrora baino gehiago.

Eta senideena?
Adin handiko ama-aitak, bikotekideak, anai-arrebak, ilobak, izeba-osabak, lehengusu-lehengusinak... senide guztiek jasaten dute urruntze politika. Urtez urte, astebururo errepidez errepide ibili beharrak arrisku bizia dakar, eta ondorio latzak. Urruntze politikak 16 hildako eragin ditu dagoeneko. Gaur-gaurkoz aitortzarik ez duten 16 biktima.

Herritarren inplikazioa zenbaterainokoa da garrantzitsua?
Berebiziko garrantzia du herritarren inplikazioak. Urte luzetan posible izan ez dena, egin dezagun posible orain denon artean.

Larunbat honetako aldarrikapen nagusia zein izango da?
Konponbiderako premiazko agenda aldarrikatzea. Hots, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak eta 70 urte baino gehiago dituztenak aske uztea, preso guztiak Euskal Herriko espetxetara hurbiltzea, lehen gradutik bigarren gradurako progresioa, Frantzian betetako zigorrak kontutan hartzea eta espetxe-alorreko eskumenen transferentzia lortzea.

Iruzkina Idatzi

Captcha image