2010-06-18

Begirada higatuak

Noiz edo noiz, halabeharrak bide berriak irekitzen dizkigu. Ostikoak jaso ondorengo oinazea desagertzen denean, behin lanbrotsu ageri zen bidea zabaldu egiten da gure begien aurrean. Halabeharrak berak lagun eta egoera berriak ematen dizkigu eskura. Berdin dio non gauden; gure eskualdean gerta daiteke, baita Bilbon edo Soto del Realen ere. Egoera eta pertsona horien aurrean aldiz, ez dugu askotan garen bezala jokatzen. Ez dugu garena erakusten uzten, munduaren aurrean gogor plantak egiten baititugu.
Eider Rodriguez idazleak esaterako, katuen pare jartzen ditu gizakiak. Bakartiak omen gara besteon aurrean; gure esparrua errespetatzea eskatzen dugu eta bakarrik ibili zaleak omen gara. Baina gero, edonork laztanen bat eskaintzen digunean, berehala hurbiltzen gatzaizkio urrumaka. Finean, gizon eta emakume sendoaren papera jokatzen duen izaki ahulak besterik ez baikara.
Ahultasunez josita dauden lagun asko ditugu inguruan. Zoritxarrez, gehienetan euren mugaz gaindi begiratzen dugu eta urrun dagoenari erreparatzen diogu lehenbizi. Azken hamarkada hauetako joera izango da beharbada, gehiago axola baitigu handia eta boteretsua denak, alboko ahul horrek baino. Askotan garrantzia handiagoa ematen baitiogu urrunekoari, begien aurrean duguna alde batera utzita. Oñatiarrak dio zaindu egin behar dela maite dugun hori; izan ere, gertu duguna zaintzea zilegi baita, eta batzuetan beharrezko. Izan Andoainen, Bilbon edo Sotoko hormen artean.
Herritik Donostiara noala, txikitasunaren adibidea etorri zait betaurreko zikinen parera. Abiadura Handiko Trenak beldurra ematen dit; txikitan herriko geltokian trenbidea zeharkatzeak ematen zidan adina. Orduan arnasarik hartu gabe pasatzen genuen korrika burdinbidea. Gaur egun ordea, nahikoa lan dugu arnasa hartzearekin gogoratzen. Baina muturren aurrean geratzen zaigun txikizioak izu handiagoa eragiten dit: Buruntza mendia higatzen ari zaigu. Baina beste behin, albokoari begirada eskaintzeko indarge gara. Handia denak askotan itsutzen gaitu. Begi kliskadarik txikiena ere oparitzeko astirik ez baitugu.

Iruzkina Idatzi

Captcha image