2012-03-14

Galerak

Galtzera ohituta gaude. Deitu geure burua babesteko mekanismoa; deitu handiaren menpe egoteko halabeharra. Hamaika arrazoi eransten dizkiegu galerak pairatzeko momentuei.
Galera, futbolean galtzea da. Talde galtzailearen itzalean ibiltzea; besteentzat diren laudorioak telebista bidez ikustea. Irabaztea zer den sentitu nahiaren gogoeta birtuala egiten dugu. Ez dakigu adrenalina gaindosi hori zer den, baina txapeldunaren peskizan ibiltzen gara; boteretsu izatea zer den jakite aldera.
Baina dena da galtzen; guztiak du iraungitze-data bat. Dena da amaitzen. Alfa eta Omega. Edo, ezer ez da betiko. Norberak nahi duen eran. Egutegia beti doa argaltzen; orriak galtzen; eta orriekin batera, gu ere zimeltzen ari gara. Zinez zaila da iraungitze-data hori gertu duenaren ondoan egotea; edo are zailagoa, beharbada, zure egutegi propiotik kenduko duzun azken orria jada erdi zintzilik dagoela jakitea. Hor ere, beti, galtzaile irteten gara.
Gauza materialak galtzen dira. Amaitu da Sautrela; iritsi zaio azken data. Moztu dizkiote hankak matxinsaltoari. Jauzi egiteko indarge da. Eta alde egin dugu literaturaren eta letren errepublikako azken mohikanook. Zurtz geratu gara, lanerako sostengurik gabe; gure letrak erakusteko leihorik gabe.
Baina gauzak nola desagertzen diren ikustera ohituta gaude. Galdu dugu Sautrela; desagertu dira Urruzuno sariak; galdu da ETBren seinalea Iruñerrian… Euskal kulturari kaltea besterik ez datorkio kanpotik. Baina gizarteak galera handiagoak paratzen dizkigu begien aurrean. Eta haiei heltzen gatzaizkie; galera txikiak arruntegiak egin zaizkigulako; eta zainak puztuta, handien beharra sentitzen dugulako.
Baina zinez, txikiak diren gauzek sortarazten dizkigute galerarik handienak. Itzal txikia egiten duten gauzenak.
Galeretan irudikatu zuen Joseba Sarrionandiak Martin Larralde. Begiak zabalik etzanda, zerua itsaso zikin bat da. Arraun egitea aurrera egitea baita, atzerantz goazenaren paradoxan lotuta. Norberaren mina barruan daramagun arren, arantzak barrurantza itzuliak lituzkeen sagarroiak bezala.
Geure burua bidaltzen dugu askotan galeren galeretara; arraun egiten jakin gabe. Askotan, galeretatik irabaziak eratortzen direla jakin gabe. Arraun egiteak mina ematen baitu; nahiz eta olatuen ubera begien aurrean azaltzen zaigun.

Iruzkina Idatzi

Captcha image