2014-07-03 1

Haurrak, nerabeak eta gaitasun digitalak

Gaur egun, Internet leku guztietan daukagu, inoiz espero edo pentsatu izan ez ditugun aukerak eskainiz. Komunikaziorako, hezkuntzarako eta entretenimendurako instrumentu bikaina bihurtu zaigu. Parte-hartzeari, sormenari eta hezkuntzari dagokienez, aukerak irekitzen dizkigu, muga nazional, erlijioso eta kulturalen gainetik guztiak komunikatuta egotea posible eginez.
Interneten erabilera handiena egiten dutenak batez ere gazteak eta nerabeak dira, beraiek dira teknologia berrien eta komunikazioaren erabiltzaile aktiboenak. Interneten erabileraren igoera, mugikor adimendunen (Smartphone) eta tableten zabalkundearekin lotuta dago.  Mugikorren zabalkunde honetan, gorakada nabarmena izan du nerabeen eta gazteen artean duten erabilerak. 10 urteko haurren artean %30ek mugikor bat du, 12 urtekoen artean %70ek eta 14 urtekoen artean %83k. Gailu horiek Gabonetan, urtebetetzetan eta jaunartzeetan gehien erosten diren produktu bihurtu dira. Gainera, gero eta goizago hasten dira, haur asko 2 eta 3 urterekin gurasoen mugikorrean sartzen baitira.
Guraso askok seme-alabek deskargatzen dituzten aplikazioak  eta horiek behar dituzten baimenak ezagutu ere ez dituzte egiten. Horrela, 11 eta 14 urte bitarteko haurren eta nerabeen % 52k ez diete gurasoei baimenik eskatzen aplikazio bat jaisteko. Batez ere, jokoetan ibiltzen dira. Hau ikusirik, badira jada mugikorren bitartez haurrentzako telesailak eskaintzen dituzten telebista-kateak.
Lehen haur/nerabeentzat lehenengo komunikaziorako tresna mahai-ordenagailua zen. Eta normalean etxean nahiz eskolan senideekin edo beste ikasleekin partekatzen zuten ordenagailua.   Irakasleek, gurasook eta hezitzaileok zein sarrera zuten ikusi eta egiten zutena gainbegira genezakeen. Mugikorrekin, hau zaildu egin zaigu; bakoitzak bere mugikorra du eta horrek Interneterako sarrera edozein lekutan izatea ahalbidetzen du, zer egiten duten ere gainbegiratzeko arazoak sortzen dizkigu. Eta jakin badakigu Internetek bere-berez arriskuak dituela.
Nerabezaroan dauden horretan trantsizio-garai batean daudela esan dezakegu, ez bakarrik alde biologikotik (hormonak, pisua, altuera,…) esfera psikikoa, soziala eta sexuala baduela ere esan dezakegu. Esfera psikiko horretan, izaera eraikitzen ari dira, gizartean bakoitza bere lekua definitzen hasten da. Familia-multzotik (gurasoen babesetik) gizarte-multzorako saltoa egiten hasten dira; antropologian naturatik kulturarako pasabidea deritzona da.  
Horregatik, gizartean parte hartzen hasteko desioa izaten dute. Harremanak beraien berdinekin eta inguratzen dituzten mundu horretan hasten dituzte, lagunak eta harremanak garrantzitsu bihurtuz. Esan genezake, etxetik kalerako saltoa egiten duten horretan, Internet eta honi dagozkion gailuak (mugikorrak, tabletak) eta aplikazioak (Whatsapp,  Snapchat, Instagram, Twitter, Facebook,…) oso baliagarri bihurtzen zaizkiela harremanak mantendu eta berriak egiteko.
Nerabeek  gailu eta tresna horiekin beraien adinari dagokiona egiten dute, kalean bezala: lagunekin hitz egin, komunikatu, argazkiak partekatu, zorionak eman, zirikatu, ligatu, asteburuan zer egin duten azaldu…, guk egiten genituen gauza berberak, baina beste espazio batean.
Halaz ere, horrek ez du esan nahi espazio horretan egiten dutena ez denik zaindu behar. Pentsatu beharra dago nerabezaroan zailagoa zaiela fantasia eta errealitatea bereiztea, eta irizpide indartsurik ez dutela izaten gauzak aukeratzeko garaian. Komunikabideak, estereotipoak, baloreak, hizkuntza desegokia, itxaropenak, harremanak daude eta horrek guztiak eragina izan dezake beraien identitatea eta izaera definitu edo osatzeko garaian. Horrela, edozein momentutan eduki/elementu arriskutsu, legez kontrako edo tentagarriak topa ditzaketela kontuan hartu behar dugu; ziberbullying-aren, grooming-aren, jazarpenen, mehatxuen edo irainen fenomenoak topa ditzakete eguneko hainbat ordutan, etxeko ordenagailutik gertu egon gabe.
Dena den, arazoa ez da Interneterako sarbidea izatea edo sare sozialak erabiltzea, dagoen informazio guztiaren eta tresnen aurrean hautatzeko gaitasunik edo irizpiderik ez izatea baizik. Askatasun digital horretan pixkanaka gaitasun digitalak eskuratu behar dituzte, bai haurrek eta baita nerabeek ere. Beraien ondoan eseri, praktikatu eta elkarrekin ikasi beharra dugu. Gai desberdinak landu behar ditugu: argazkien inguruan, pribatutasuna, informazioa nola hautatu, gatazkak nola ekidin, errespetua eta beste hainbat; eguneroko bizitzan lantzen saiatzen garen gaiak. Horrela IKTetan erabilera egokia haztatzeko aukera eskainiko diegu, gaitasun eta konpetentzia digitalak eskuratuz.  
Eta noiz hasi? Zein adin da gomendagarria tableta edo mugikorra erabiltzen hasteko? Erantzuna argia da: lehenbailehen, beti ere gurasoen bide-laguntzarekin egiten bada eta hauek haien hezkuntzan inplikatuta badaude.
Argi dago! Gailuen eta Interneten erabilera seguruago bat egin eta kontsumoaren inguruko neurriak hartu behar dira! Baina ez da gurasoen kontua bakarrik, askatasun digitala dagoen momentutik ardura denona da, eskolarena, hezitzaileena, gurasoena, lagunena… Hau da, segurtasun digitalaren ardura gizartearena da. Internet erabiltzen dugun unetik gara kontsumitzaile eta ekoizle. Haur/nerabeei begira balio positiboak eskaini eta landu behar ditugu, hiritartasun digital batean oinarrituz, beraien bizi-etapa gozatuz eta beraiekin harremanak izanez, bai kalean eta bai digitalean. Baina, harreman onak!

Iruzkina Idatzi

Captcha image

Gizarte Hezitzailea eta Gizarte/Kultur Antropologian lizentziatua

Iritzi emaile gehiago