2014-12-04

Degustazio menua

Urteko hamaikagarren hilaren hamaikagarren eguna Koloniako Alter Markt-en. Mozorroak zain, urduri, goizeko hamaikagarren orduko hamaikagarren minutua erlojuek noiz emango. Urteko bosgarren urtaroa hastear da bertakoentzat: Inauteria.
Ez, ez dira erotu. Kontua da beti berdina jatera gaudela ohituak, eta zerbait ezberdina aurkezten digutenean mesfidantzaz begiratzen dugula platera, askotan, ezin irentsi. Baina, urtero San Sebastianetako angulekin eta gabon turroiekin batera, inauteria ere dastatzen duzula esango banizu? Bai, hobe duzu ahoan darabilkizun hori azkar atera kontrako eztarritik joan aurretik, hasi besterik ez naiz egin eta.
Menu berdinean Halloween, Nikolas Txiki, Olentzero, San Sebastian, Santa Eskea eta inauteriak irakurriko bazenitu, bihotzerreak jota amaituko zenukeelakoan zaude. - Hau betekada! - Baina lasai, muinean ez baitira hain ezberdinak. Tradizio bakoitzak aldaera propioa badu ere, neguko festek, praktikan, helburu komuna baitute: eskea.
Neguko festen lehen platera mahai-gainean. Halloween izena eman dio Chef-ak. Sushia bezain exotikoa zaigulako berriro datorkigu mesfidantza, euskal festa baten aurrean gaude ordea. Ezpeletako piperrak bezain euskalduna (eta exotikoa). Gazteok ez dugu ezagutu, baina, gure aiton-amonek bai. Domu Santuaren inguruko ospakizunak Europa osoan zehar izan dira ohikoak. Euskal Herrian ere bai “Arimen gauaren” izenarekin (Halloween-ek horixe esan nahi du: All hallows evening). Orain dela mende erdira arte oso zabaldua zegoen arbiak edo kalabazak baratzetatik ostu, hustu, zuloak egin, kandelak sartu, piztu eta gaua iristean txoko ilunetan jartzeko ohitura. AEBetara irlandarrek eraman eta orain kontsumo festa gisan datorkigu bueltan, baina, sustraietara jota inauteria izango denaren lehen adibidea dugu “euskal Sushi” hau: gazte talde bat, mozorrotuta, etxez etxe eskean.
Bigarren mokadua dakarkigu zerbitzariak: Nikolas txiki du izena aurrean jarri diguten Happy Meal-ak. Abenduaren 6arekin, San Nikolas egunez, Gipuzkoako zenbait herritan ospatzen da ohitura hau. Seguran, adibidez, haur bat aukeratzen dute eta San Nikolas apezpikuz jantzi. Asto gainean jarrita eta herriko beste haurrak inguruan etxez etxe aritzen dira eskean. Europan zehar ohitura hau ere ezaguna da, apezpikua, normalean,
helduagoa bada ere. Cindy Klas izenarekin da ezaguna Belgikan, eta Santa Klaus izenarekin Europa Mendebaldean. Bai, koka-kolak eta kontsumoaren industriak inposatutako pertsonaia Segurako Nikolas txiki bera da izatez. Happy Meal-aren kaxa barruan sorpresa ederra topatu duzu gaurkoan.
Tripak nahasten segitzeko asmoz Zezenaren buztana saltsan da zerbitzatu diguten hurrena. Buztanak buztan, nork esan zuen ordea Olentzerok halakorik zuenik? Erantzuna erraza da: Mari Domingik. Generoaren ikuspegitik hanka sartze larria izan da Mari Domingi sortzea. Justu bilatzen diren baloreen kontrako efektua izan duelako horrek. Olentzerori bikotea asmatu diogu familia eredu tradizionalaren mesedetan, Mari Domingi bere azpitik jarriz (Olentzeroren laguntzailea, opariak biltzen ditu, zerbitzaria da), eta gainera, Olentzeroren genero marka finkatu dugu, gaur egun, Bizar Zuriz ari garenean Papa Noelez edo Olentzeroz ari ote garen ez dakigun arren. - Hala! Segi dezala tripa festak! - Olentzero emakumea ere bazen, hori jasotzen dute inguruko testigantzek, guk, Mari Domingi alboan jarriz, eman diogu gizon izatearen etiketa. Olentzero hitza, oles arotik dator, eskean aritzeko garaiaz ari zaigu, eta horretarako aitzakia besterik ez da. Esan bezala, Leitza adibidetzat hartuz, aurreko mendean zezen buztanik gabeko panpinak ezagutu direlako eguberri bezperan. Daukagun sakeak, ordea, ez digu ematen diguten guztia jatea galarazten.
Jatera gindoazen menuak, San Sebastian-eko angulak, Santa Agedako eskea eta Euskal Herri osoko inauteri asko zekartzan atzetik. Enpatxuak jota gaudelako, baina, ez digute ezer gehiago aterako afaltzeko. Neguko festa guzti hauek, egutegiek hamaikagarren hilabeteko hamaikagarren eguna eta erlojuek eguneko hamaikagarren orduaren hamaikagarren minutua iragarri ezin zuten garaietatik datoz, denak eskearen inguruan bueltaka dabiltzalarik. Denbora neurtzeko unitate gisa erabili izan dira hortaz, paradoxa badirudi ere, denborak haien kontra jokatu badu ere.
Ez naiz ez Arzak, ez Argiñano, baina, dastatze menu bat jarri nahi izan dizut aurrean, eta honaino heldu bazara koska egin diozun seinale. Urteko 365 egunetan jatetxea zabalik daukat eta gustu handiz zerbitzatuko dizkizut jaki hauen inguruko beste zenbait errezeta sakonago. Erreserba egin besterik ez duzu.

Iruzkina Idatzi

Captcha image