2015-09-17

Ikaztegietarrak gurean

Liburua ez zen bereziki interesgarria. Horregatik iskanbilaren hasierak ez ninduen gehiegi molestatu. Ebooka itzali, lepoa luzatu eta ikuskizunaz gozatzeari ekin nion. Emakumea oihuka zegoen trenaren ateen gunean, nire eserlekutik ez oso urrun.  Desesperatuta zirudien, malkoek eta keinu bortitzek jakinarazten zutenez. Donostiara joan behar zuela esaten zuen eta ustez balioko txartela zen erakusten zuena. Rebisoreak ezetz ahoz, buruz eta eskuz, hori ezinezkoa zela eta Ikaztegietara itzuli behar zela behin eta berriro errepikatzen zion. Ikaztegieta hitza entzuteak deskarga elektrikoaren antzeko eragina sorrarazten zion. Ikara eta dardara, hori ezinezkoa zela, guk ez dakigula Ikaztegietan zer gertatzen den baina, hor bizitzea ezinezkoa dela eta Donostiara heltzea hil ala biziko kontua zela. Bi minututan bi goardia hurbildu zitzaizkien, ez dakit  egoera konpontzeko asmoarekin edo biolentzia erabiltzeko aukerak ekarrita, izan ere porrak eskutan zituzten. Ez zegoen emakume hori eserlekutik askatzeko modurik, ezta isilarazteko ere. Bitartean trena Andoainera heldu zen.
Ateak ez ziren ireki eta megafoniak azaldu zuenez, ez ziren irekiko egoera konpondu arte. Andoaindarrak builaka eta bidaiariak kuriositatetik eta errukitik haserrera pasatzen hasiak ziren. “Nik ez dakit zer gertatzen den Ikaztegietan, eta egia esan ez zait inporta. Beraien arazoak beraien artean konpondu behar dituzte” esaten zuen El Diario Vasco irakurtzen ari zen gizon batek. “Niri ez dit inolako penarik ematen” ondoko neska gazteak “agian besoetan ume jaioberria edukiko balu…”. “Loiolan ejerzitoa jarriko balitz…, hirugarren aldia da aste honetan ikazkegietar batek arazoak sortzen dituena” nekatu aurpegia zuen jubilatuak. Andoaindarrak leihoak kolpatzen hasiak ziren. Treneko makinistak egoera baretu nahi zuen. Emakume ikaztegietarrari Andoainen jaistea eskaini zion. Hor geltokian lasai egoteko aukera izango zuela eta bere herrira, momentuz ez zela itzuli beharko zin egin zion. Proposamenak bidaiarien txaloak jaso zituen. Azken finean istilu sortzailea gizakia zen eta laguntzaren bat merezi zuen. Emakumeak ez zuen beste irtenbiderik ikusi eta onartu egin zuen. Trenaren ateak ireki eta nasan zeuden andoaindarrek lekua egin zioten, txaloren bat eta gazte koadrila batek 10 euroko biletea luzatu zioten. Denak trenera igo ziren eta errefuxiatu ikaztegietarra geltokian geratu zen bere etorkizuna zein izango zen jakin gabe. Trena abiatu zenean bidaiari gehienek agur esan zioten eskuak astinduz. Baten bati malkoren bat erori zitzaion. “Pena ematen dute ikaztegietarrek, baina guk zer egin ahal dugu?”. Ebooka berriro piztu eta liburu eskasa irakurtzeari ekin nion.
Idatzi ditudan hitzek ez dute istorio lojikoa osatzen, ez da sinesgarria. Baina Ikaztegieta, Donostia eta Andoain ezabatzen baditugu eta Siria, Munich eta Budapest idatzi, asmatutako kontakizun hau, derrepente, egia bihurtuko da.

Iruzkina Idatzi

Captcha image