2016-01-07

Sua gogoetarekin itzali

Begietako malkoek bihotzeko sua itzaliko balute… Alferrikakoa da negar egitea ordea, merezi duguna dugulako zoritxarrez. Tristura eta amorruz etxeratu naiz oraintxe Leitzaran sutan ikusi ostean. Ez omen da asko erre, baina, nahikoa ni ere sutan jartzeko. Su hau urarekin baino, nahiago izan dut ordea ordenagailu aurrean eseri eta gogoetarako hitz hauekin itzali:
2015a joan da eta berarekin baita Andoainen 400. urteurrena ere. Hamaika ekitaldi, hamaika herritarrei eta euren borondateari esker. Suak mendian bezalaxe, andoaindarrok ere utzi dugu arrastoa herrian. Ea orain datozen urte hauetan, borobilak ez izan arren, herritarron sugarrak berdin segitzen duen. Kulturak eta kulturgintzaren garrak egiten gaituelako herri alde batetik. Dena den, urteurren honetan herriari gure maitasuna gehiegitan adierazi diogula iruditzen zait. Ez ote dugu gehiegi maitatzen eta gutxiegi gozatzen Andoain?
Herria munduko mapan kokatu beharra baitago, toki fisiko batean, Andoain ez baita urtebeteko kulturgintza eta ekitaldi andana hauek adierazten duten maitasunaren sutzarra bakarrik. Andoain, Leitzaran, Buruntza, Oria, Ziako, Otita, Belkoain, Aizkorriko… ere bada beste gauza askoren artean. Izateari utziko ote dion da nire kezka ordea.
Oraindik ez dakit gaurko sua nahita edo nahigabe piztutakoa izan den, baina, gehien maite dugun txokoetako bat ez da berdina izango bihartik. Buruntza ere antzeko. Begiratu besterik ez dago, dinamita eta bolborak zenbat lan egin duten ikusteko, gure tokietako bat guztiz suntsitua ikusteko. Horrekin gutxi ez, eta ia Belkoain ere bide beretik joan zitzaigula ahaztu gabe. Baina, begi-bistakoa izan arren, berdin zaigula dirudi. Maiatzean, bestela, ez baikenuen AHTa defendatu dutenen aldeko bozka emango, gure bi mendiak zulatzen segitzeko hautua hartuko.
Oria, gaur egun, duela urte batzuk baino garbiago badoa ere, bere ingurunean egin dugunak lotsagorritu egiten nau. Masailak txingarra bezain gorri jartzen zaizkit niri behintzat. Lehen zelai berde eta baratze zirenak, egun industriagune eta pabilioi hutsak baitira. Lana emango baligute sikiera… baina, hori ere ez. Nahiago izan dugu herria baden beste zati bat “erre” eta galdu, ingurune horretaz gozatzen segi baino. Inguratzen gaituen ororekin espekulatzearen truke egiten dugu dena. Txanpon batzuen truke.
Argentinara egindako bidaia batean Iguazuko ur-jauzietan irakurtzen nuen moduan: Azken zuhaitza mozten dugun arte, itsaso guztiak kutsatzen ditugun arte eta azken arraina harrapatzen dugun arte, ez dugu dirua jangaitza dela ikasiko. Horregatik diot alferrikakoa dela negarrez aritzea, malkoz bihotzak itzaltzea. Kontzientziatzen saiatzen banabil ere, aspaldi galdu bainuen zuganako itxaropena.

Iruzkina Idatzi

Captcha image