2016-03-18

Igandean, Erniora!!

Aldizkari zahar hau nonbait aurkitu baduzu, izenburua irakurrita iraileko antzinako ale bat izango zela pentsatuko duzu. Postontzitik eskuratu berria bada, hau da 2016ko martxoan, egileak, ideien faltan edo, testu zahar bat birziklatu eta kolokatu nahi izan duela izango da zure pentsaera lojikoena. Baina ez, oker zaudete denok. 

 

Igande honetan, martxoaren 20an, goiz partean, Erniora igotzeko gonbitea luzatu nahi dizuet. Ez gaude oraindik bederatzigarren hilabetean, beraz oraingoa ez da ohiko erromeria izango. Jendea ez da igoko inguruko herriek jaungoikoari, (bere osotasunean edo aita, seme eta espiritusantuaren forman) eskainitako gurutzeak ikustera, edota erreumak kaltetutakoek, edo balio bikoitza duten prebisoreek uztaiak goitik behera gorputz mardulak zeharkatzeko saioak burutzen dituzten bitartean miresmenez gozatzeko. Asteburu honetako erromesak presaka ibiliko dira, ez dira Zelatunen pintxoren bat jateko geratuko eta lehen aipatutako uztaiei zeharka begiratuko diete. Kirola da beraien erlijioa. 10:30etan Larraulgo plazatik abiatuko dira, goiko gurutzeak ikustatu eta segidan herriko plazan bueltan egongo dira. Bai, idazki xume honen bidez, Larraul-Ernio Larraul lasterketaren VI. edizioa datorren igandean ospatuko dela gogorarazi nahi dizuet.

Egun berezia izaten da oso. Larraul bezalako herri txiki batentzat korrikalarien inbasioa itzela izaten da, biztanleria ia bikoizten delarik. Goiz goizetik mugimendua antzematen da, kotxeak, furgonetak, autokarabanak… eta partehartzaileen artean urduritasuna izaten da nagusi 15.500 metroei ekin baino lehen. Bake ederra uzten dute mendian gora abiatzen direnean. Irteera jendetsua izaten da, helmugaratzea berriz indibidualagoa, korrikalari bakoitzak bere lasterketa bere erritmoan eta bere neurrian egin ostean bildutako publikoaren txaloak jasotzeko une hunkigarria gogoratu nahi du, eta hasierako lasterketariak kenduta, besteak une polit hau luzatzen saiatzen dira, ikusleak agurtuz edo umeak eskutik helduta helmugaratzen. Ez da makala ez 812 metrotako desnibela gainditzea eta esfortzuak errekonozimendua merezi du.

Lasterketa bukatuta arlo gozagarriaren txanda da. Hezkide Eskolako dutxa beroak, bolondresen masajeak, Utseta elkarteko kideek prestatutako hamaiketakoaren dastaketa, eta nola ez, sari banaketa. Podiumeko garaileak omenduak izango dira, hainbat opariaren zozketa burutuko da eta dena ondo bidean, lehen larrauldarrak saria izango du. Zirrara sortu zaizu eta korrika egin nahi? Ez dago arazorik, igandean bertan izena emateko aukera dago. Bide polita, lasterketa txukuna eta giro paregabea. Alferkeriak jota al zaude? Bi aukera, Ernion lasterketa ikusi eta gero plazara geroko giroaz gozatzera etorri edo plazatik mugitu gabe irteeran, helmugan eta parrandan murgildu. Ez dago aitzakiarik. Ez da iraila arte itxaron behar Erniora gerturatzeko, Larraul zuen zain dago eta.

Iruzkina Idatzi

Captcha image