2016-05-06

Xarpak eta xerpak

Nondik hasi… inor, ezer, plaza honetara ekarri gabe. Edo batzuk, zerbait, besteen gainetik jarri gabe. Astelehen arratsaldea: Porru eginda nago. 27 ordutan jan, edan eta lo, ez dut besterik egin. Irratian hitz batzuk bota, apenas. Eta buelta emateko komeriak. 26,4 kilometro, 1.700 metroko desnibel positiboa eta 4.53.00 herriko plazan. Bestela esanda, 293 minutu luze. Eta atzo baino lehen, 7 hilabete bukaezin, Gaizka lehengusuarekin Larre-Gain eta Adarra aldeko bazter eta zoko guztiak gorrotatzeraino.


Iaz arantza txiki batekin bukatu nuen. Baimendutako denbora gainditu nuen 10 minutugatik. Aurten barruan iritsi naiz. Legezko finisher-a naiz. Eta baldin banaiz, Antsoko Etxolaz geroztik Txitxo Salas alboan izan nuelako da. ‘Erratz’ lanetan, haren esanek, elkarrizketek, gel eta edariek mantendu ninduten lasterketan. Bubu zakurra aurrera eta atzera zebilen, putzu guztietan sartzen, ‘alegri’ pixka bat ematen. Eskertza zerrenda luzea daukat. Datorzkiten bezala botako ditut, inor ez bedi haserretu ahazten banaiz. Xarpak eta xerpak.
Zusta biak da. Xarpa eta xerpa. Mai-mai xerpa. Egunen batean xarpakide izango ote da. Adarramendin zain irauteagatik. Hauspoagatik. Xarpa Team-eko whatsapp kide askori. Jokin Lizeagari, ez-gauza nintzela helmugara iritsi eta babes emateagatik, sari astun batez gain. Juelo eta Cipo-ri, ni adina edo gehiago hustu direlako negu gorrian, eta erretiratzea deliberatu zutelako, osasuna zaintzeko. Potti, Miel Ttikiya, Martinez gaztea, Peio Pelotas, Narbar eta Elortxa xomorroak, Tomax eta beste. Baten bati gin-tonic pare bat ordaindu beharko dizkiot, lasterketaren kontura. Bazkariren bat ere irabazi dut, baino ordainduko duenak zor asko kitatu zituen lasterketa egunean bere buruarekin, eta pozten naiz.
Xerpa anonimoak: Maxus Aierdikua Larburun, Pozontarriko anoa-puntuan zikloturista elkarteko lagunak, Onddin Pattaka, Antsoko Etxolan Eñaut, Juanjo, Ana, Jabier Legarreta… Koro Barrenetxea nire bestuario arduraduna, 100 kiloko pardelarentzat oinetako onak saltzeaz gain mendian gora ziztu bizian ibiltzen dena. Almu errekara bidean, Adarran behera zetozenak, Maddi, Asier Goikoetxea, bere aita. Etenetakoak, eta Zaburun elurra ikusi eta hotzez akabatu beharrean zeuden Sosio eta bere alaba. Onddon Farrus eta Kali. Xoxokatarrak Lizarratxopeko ur depositoan. Santakruzetako joaldia pasa gabe ziren eskubaloi taldeko gazteak. Millusen behera musker guztiak aztoratu zituzten udaltzainak, bere sirena soinutsuarekin. Eta helmuga… Zerua. Txaloak, zerbeza aparra, Aritz eta Aitziber garaileak albo banatan, konturatu ez banintzen ere… Aitor Elduaien hizlariari, entzun, edo ulertzeko gai ez nintzen animoengatik. Amona Mamen eta Clara Alvarezen besarkada goxo haiek… Kantoiko Juanito zerbitzariari. Milesker denei.
Mizpiradin lagun giro dotorea izan genuen. Lasterketako kontuak. Xauxar-en ilunabarreko epeltasuna freskatzen ari zirenei ere milesker, harrera beroagatik. Antolatzaileei zorionak, gauzak ondo egiteagatik eta ibilbide gogor eta luzea kritikatu dugunoi barkatzeko eskatu, ahal badute. Ibilbidea, atzo, ikusgarria zegoen! Hitz goxoak bukatze aldera Maite Begiristainentzat, Eroskiko Maite, urnietarrontzat. ‘Hari segitzen badiok aise iritsiko haiz 5 ordutan. Horrek asko igotzen dik’, esan zidan lehengusuak. Saiatu nintzen, baina Arlegorrera bidean martxa egin zuen. Eta Adarran gora ikusi nuen azken aldiz. Xabier Goenaga kintoak dioen moduan, ‘koraje’ latza dauka Maitek, bere adinarekin nola ibiltzen den! Nahiko genuke, askok... Zorionak berari. Oker ez banago, damu zen ibilbide luzea aukeratu izanaz, gehitxo ote zen, eta 2017an biok ibilbide motza egingo dugula agindu genion elkarri, agurtu aurretik, “gozatzeko”.
Hala bedi.

Iruzkina Idatzi

Captcha image