2017-03-24

Lengo San Jose eguna eta gaurkoa

Jesusen Aita Ordekoaren egun eder ori aurten igandez egokitu dalarik, zerbait berezi egingo gendun noski; baiña aste egun izan bazan beste egun askoren antzekoa izango zan. Nork esan garai batean ontara iritsiko giñanik?

Garizuma bete betean arrapatzen dunez, urteko Pazkoazkoa egiteko ere askok aukeratuko gendun San Jose eguna. Urteko pakea egin eta ondorengo arkume-erre jate ura ederra izaten zan gero? San Jose eguna ospatzeko,  bide asko genitula esan bear. Izan ere, Jose, Josemari edo Josepa gabeko sendirik bai ote da? Agian, emendik berrogei bat urtera bai, oraingo izen-jartzeak jarraitzen dula.  Gu euskaldunak gera noski, eta euskerazko izenak jartzea bidezkoa degu. Urte batzuk bizkarrean daramazkigunak, ezjakin biurtu gera, eta gaurko izen asko ondo esaten edo idazten gaizki ibiltzen naiz, “Auria” esan bearrean “Aguria” esaten badet, etzaitezte arritu.

Garai bateko San Jose egun aiek ere bazituzten buruausteak:  San Jose egun ori ostiralean egokitzen zanean besteak-beste. Jakiña, Garizumako ostirala izanik bijili edo aragi-uztea zintzo bete bearra zegonez or komeriak! Nola pasa arkume errea jan gabe?

Gogoan det urte batean San Jose eguna ostirala zalarik, gotzaiak, jendearen armoniak mugitu arazita ziartuenik, San Jose bezperan bijili egin bear ori kendu zun. Berri pozgarria benetan, artzaiak lenengo zirala; San Jose eguna zala bide, preziorik onena ere orduan izaten bai zun arkumeak.

Nerekin egokitu zan etxekoandre bat etzegon konforme ordea: esan zidanez, bakalloa erosita zeukan eta gastua eginda zegolarik, zertan joan bear zun arkume erostera zion. Arrazoi zula esan bear, sendi artan bijili egingo zan ziartuenik San Jose eguna.

Eriotz onaren zaindari ere bada San Jose, ez gendun atzo goizean ikasi onako kantu au: “San Jose, egin zaiguzu laguntza / bizitza da eriotza”.

Negu eta udaberriaren muga ere badegu San Jose eguna, belardi batean ere, “San Jose loreak” nabermenduko zaizkigu aurrena; gerizi-arbolak ikusi izan ditugu ederki loratuta. “San Josek aurretik edo atzetik konpitteak”, esaera ere or degu. Ez dakienak balego, “Konpitteak”, kazkabarra edo txingorra esan nai dute.

Beraz, Jesusen aita-ordeko au maitatzeko badegu arrazoi asko.

 

Sendi bakoitzak izan lezake

Jose edo Josemari,

jaiera berdiña eman bearko

Pepita ta Josepari;

zuen izenak gogoratuaz

artu zazute opari,

egun eder bat igaro eta

milla zorion danari.

 

Oso gazterik ikasi gendun

San Joseren ezagutza,

Jesusen aita-ordeko izanez

igo ziñaden goruntza;

giza-aulkeriz erorkorra da

daramakigun gorputza,

eriotzaren orduan arren

egin zaiguzu laguntza.

 

Amabirjiñan senar zintzoa

zuretzako esker milla,

munduan asko supritu eta

joan zan zorionan billa,

Jesusen Aita Ordeko izan zan

langillea ta umilla

gure nekean aritzaillea

bera gertatu dedilla.

Iruzkina Idatzi

Captcha image