2018-03-01

Oraingoan bai

Martxoko lehen ilargi beteak –bukaeran beste bat emango da– koska ekarriko zuela itxaropena bazen, neguko beste hiru ilargi beteetan neguak bere aurpegi gordinena erakutsi zuelako. Eta halakoak errepikatzen direnean, gutxienez arreta jarri behar zaio ilargiari.

Ekarri du, bada, koska, eta nolakoa. Jonathan Lopezi galdetuta (@urnietameteo), 2009-2010 urteetako neguaz geroztik ez omen da halako elurterik eman Urnietan. Txoko askotan 15-20 zentimetro pilatu zirelako, bostpasei ordutan, herria mendebalde-ekialde zeharkatzen duen errepidean sekulako anabasa sortuz, eta oinez ibiltzeko ere lau edukitzea komeni zelako.

Iragarpenek elurra etorriko zela zioten, modu berezian etorriko bazen ere. Euskal Herrian hotza eta elurra ipar haizearekin etortzen dira, normalean, baina asteazkenekoa hegotik etorri zen, Karibeko Itsasoan sortu zen Emma borraskak ekarritako fronte beroen eskutik. Bezperan eta aste hasieran, ordea, Siberiatik zuzen-zuzenean Europa menebaldera eta Euskal Herrira iritsi zen haize demonioak hotz handia ekarri zuen gure txokora –demonio hitzaren jabetza intelektuala EITBko Andoni Aizpuru eguraldi aurkezlearena da–. Haize hotza beroa baino astunagoa da, nekez mugitzen da, haizerik gabe, eta hegotik etorritako euriak -2 C eta -5 C arteko tenperaturarekin egin zuen talka Euskal Herrian. Ondorioa, elur zaparrada handia!

Goizaldeko 04.36an hasi zuen elurra Urnietan. Iruñean 45 minutu lehenago, alarma egokia ordu txikitan esnatu, kamera eta sakelakoa hartu eta osteratxoa emateko. Suabe aurrena. Espaloiak hurrena, belazeak gero..., eta errepidea 05.30ak aldera. Elurte latza. Urnietan esan ohi dugunez, lori edo malo-malo. Zentimetroak gora, eta errepidean, elurrarekin batera, izotza, tenperatura zero azpikoa zelako. Gutxitan ikusi bezalako ilarak eta iskanbila, Urnietatik Salesiar ikastetxeranz, baita Idiazabal kale osoan ere. Neguko gurpilekin ere komeriak, autoa kontrolatzeko. Iragarpenek ere ez zuten halakorik iragarri. Urnietarako 1-4 zentimetro iragartzen zuten.

'The beast from the east' izena eman diote Siberiako haizeari: ekialdetik datorren piztia. Etorri bezala eraman zuen piztia 'Emma'-k. Eskerrak esango dute, askok. Lastima, beste batzuk. Oztopoak oztopo, elurra ederra baita, parekorik gabekoa. Negu honetako azkena izango ote da? Martxoaren 31n da hilabeteko bigarren ilargi betea. Zaindu egun horietako meteorologia!

Iruzkina Idatzi

Captcha image