2018-03-18

Ahaztutako haiek

Pasa den larunbatean aspaldiko partez itzuli nintzen amonarenera bazkaltzera (arbitrajeak, bilboko asteburuek… Amonarekin otordua izateko aukerak murrizten dizkidate) eta beti bezala, amona Maritxuren hitzek hausnarketara bultzatu ninduten.

Kontu zaharren zalea naiz, eta aiton-amonek beti izan dute zerbait kontatzeko. Behin baino gehiagotan kontatu dizkidaten istorioak ere badira, baina haien ahotik entzuteaz ez naiz inoiz aspertuko.

6000 inguru gara gurean. Urnietan. Gaur egungo “pertsonaiak” ezagunak ditugu guztiok. Baina garai bateko “mitikoak” gure aiton-amonen oroitzapenean galduko direnaren beldur naiz. 25 urtetik beherako (30 esatera ere ausartuko nintzateke) zenbatek dakite nor izan zen Pardakiko Hankamotza? Berak egindako protesiarekin mendian ahuntzen modura zebilen hankabakar hura, zenbat gaztek dute haren berri?

Edo eta Altzibarretik herriari hego haizea zetorrela abisu ematen zion gizon hartaz nork daki zerbait? Bentara jaitsi eta aitona Joxek sukaldeko leihotik emandako ardo-ur tragoxka batekin “etxera txintxo-txintxo” itzultzen zen gizon hura ezagutzen al dute gazteek?

Iruzkina Idatzi

Captcha image