2018-03-23

Udaberri feminista

M8ko osteguna, ahaztezina bilakatu eta izandako biharamuna luze joango delakoan nago. Egun kolosalaren erantzuna ez da ezerezean joango. Oraindik, M8aren inguruan hamaika oroitzapen ditut buruan dantzan.

Eguna lanean hasi nuen, urduritasun puntu batekin, laneko atea itxi nuen unetik ez bainekien argi zer etorriko zen. Mobilizazioan sartu eta hasieratik egunaren berezitasuna arnas nezakeen. Hantxe geunden; bizkarrean borrokaz betetako iragana duten emakumeak, estreinakoz kalera irtendakoak, eta sormen eta indarrez hornituta datozen emakume gazteak. Denak elkarrekin, denak konplize!

Hortxe utzi dugu gure lorratza; anitzak garela, elkarrekin borrokatzeko gai garela eta horrela egin nahi dugula. Hortaz gain, herriko kaleetan barrena ibiltzeak barne-barneraino hunkitu gaitu. Sentsazioa izan dut, teoria-kolektibotik praktika-kolektibora saltoa egiten hasi garela. Aldaketa baten pertzepzioa izan dut, udaberri feminista badatorrela. Sua piztu dela!

Egia da, feminismoa eta berdintasuna hitzetik hortzera egon direla azken urteetan komunikabide eta gizarte sareetan. Hala ere, emakume askok gizarte mugimenduan egindako lana aldarrikapen feminista bultzatzeko, askorentzat ikusezina izan da orain arteraino. Ukaezina da, zorionez, atzetik lanean aritu den emakume ugarirengatik iritsi dela deiadarra honaino.

Baina esan beharra daukat, batez ere, oso pozik nagoela emakume gazteen erantzunarekin eta eskuratutakoarekin. Ikusgarritasuna bermatu eta espazio publikoaz jabetzea lortu dute. Indartsu datoz! gizarte heteropatriarkal hau goitik behera aldatzeko asmoz. Hori horrela, emakume gazteek lortu dute aurtengo M8a ezberdina izatea, nazkatuta baigeunden martxoaren 8a gure burua zuritzeko egun sinboliko hutsa izateaz. Kontuan hartu behar dugu, mundu feminista eraikitzeko prozesuan protagonistak gazteak izan behar dutela, beraiek direla eraldaketarako giltza.

Emakumeok hasi gara egoerari dimentsio berritua ematen, gauza izan gara greba moduko tresna zahar bati beharrezko balioa ematen. Dena dela, asko dago egiteko geure eskubideen alde. Oraindik orain, zientzia eta liburuetan ezeztatuta gaude, erabakigune batzuetan zokoratuak, eremu pribatuari kateatuak, lan berdinarengatik gutxiago irabazten dugu, eta kontsumitu daitekeen objektu sexual bezala saltzen gaituzte.

Baina lasai, badator udaberri morea. Emakumeok gure aldarriak bizitzako eremu guztietara garraiatuko ditugu. Orain, alderdi politikoek instituzio publikoei ezarri behar dieten erantzukizuna ikusi nahi dugu. Eta kalean, utzi lasai emakumeoi kultura politiko berria egiten, alderdikeriarik gabe, indar eraldatzailea bildu eta errebolta egiten. Martxa honek sinadura kolektiboa baitarama, mugimendu feministarena.

Iruzkina Idatzi

Captcha image

Gizarte Hezitzailea eta Gizarte/Kultur Antropologian lizentziatua

Iritzi emaile gehiago