2018-04-08

Barkatu, Lourdes

Lourdes Iriondok euskal kulturan utzitako herentziaren balioa kalkula ezina da. Ez Dok Amairuko kuttunena izan dut beti, urnietarra zelako akaso, baina urteak pasa ahala, eskerrak eman baino
egokiago ikusten dut barkamena eskatzea.

Iriondoren kantutegitik gehienetan entzun izan dudan abestia “gazte gera gazte, ta ez gaude konforme” dioena izan da. Eta barkamena eskatu behar diot Lourdesi, eta barkamena eskatu behar diogu Lourdesi.

Orain dela 15 urte jaio zen Urnietan gazte mugimenduarekin zerikusia izanik indarra bildu zuen azken elkartea: Poxta Zahar. Sortu zenean Urnieta biziberritzeko konpromiso sakona hartu zuten, eta oztopo guztiei aurre eginez, elkartea gaur egun 400 gazteko bazkaria antolatzeko gai da.

400 gazte kamiseta horiekin. Txapel arrosekin. Presoak etxeratzeko logoa, okupazioaren logoa, errepresioaren aurkako logoa…  Non dira 400 gazte horiek herriko festak ez direnean?

Barkatu, Lourdes, gazte izateagatik.

Barkatu, Lourdes, konforme egoteagatik.

Barkatu, Lourdes, konforme ez egon arren, ezer ez egiteagatik.

Iruzkina Idatzi

Captcha image