2018-04-19 1

Urki dantza taldearen XXX. urteurrena

“Mugimenduen bidezko espresio fisikoa, harremanen, sentimenduen eta ideien erritmoa”. Duela pare bat hilabete, hitz potolo horiekin definitu zuen dantza Ken Robinson idazle eta hizlari ezagunak 2016an emandako hitzaldi baten harira.

Erritmo hori eta belaunaldiz belaunaldi urteetan zehar gordetako euskal dantzak ikasteko eta irakasteko helburuarekin sortu zen Andoainen Urki dantza taldea duela hogeita hamar urte. Herrian zeuden dantza taldeetako dantzariak elkartuz, 1988an ospatutako Euskal Jaialdian jaio zen eta aurrerantzean, ehundaka neska-mutil andoaindarrek euskal dantza tradizionala bereganatu dute herriko zein kanpoko festa eta ekimen ugaritan eskaintzeko.

Hasieratik irakasleen konpromisoa eta baita familiena, ikastetxeena eta Udalarena ere bidelagun izan ditugu. Ezin ahaztu ere txistulariak eta musikariak. Eta nola ez, ibilbide honetan zehar ondoan izandako hainbat elkarte eta herritar.

Euskal Herriko hainbat txokotan izan gara urte hauetan guztietan. Ekimen eta jaialdi ugaritan parte hartu dugu dantzak irekitako ateak zeharkatuz. Inguruko mugetatik haratago, Polonian eta New Yorken izan ginen, gure kulturaren ondarea munduko txoko batzuetan erakutsiz.

Andoainen bertan, herriko ondare diren Soka-dantza eta Ezpata-dantza berreskuratu eta parte hartzaile izan gara. Izan ere, 2008. urtetik aurrera, J.A. Urbeltz, Iñaki Arregi eta beste askoren laguntzarekin maiatzaren 3an usadio bilakatu den Ezpata-dantza ospatzen hasi gara Santa Krutz ermitaren inguruan.

2003az geroztik 16 urtetik gorako gazteei bidea ireki eta helduen taldea sortu genuen. Bide oparo horren adibide dira egun taldean ditugun hiru irakasleak.

30 urte utzi ditugu atzean. Urki dantza taldearen izenean, eskerrik asko bidelagun izandako guztiei. Datozen urteetan ere dantzan jarrai dezagun!

Iruzkina Idatzi

Captcha image