2018-05-19

Zenbakiak

Askorako eman du asteburuak. Zenbatzen hasita, nahi adina aipa daiteke. Kolore askotakoak. 21.500 lagun Anoetan nesken Reala-Athletic derbia ikusten. Mutilen partidatan adina, edo gehiago, askoren harridura edo ezinegonerako.

Kopuru horri arantza ateratzeraino. Realak ikastoletan gonbidapenak banatu zituela, sarrera doan zela, familia asko saltoki handietara bezala, horrela hurbildu zela Anoetara… Nire partez, hurbildu ziren guztiei zorionak, ea nesken partidak sarriago ikusten ditugun Anoetan.

83.000 lagun batu omen ziren Bilbon Europako Errugbiko bi txapelketa handietako finalak ikusteko. Euskal Herria kontinente zaharreko begietara ireki duen ekitaldia. Baina sare sozialetan, jendea hainbat medio 100.000 lagun baino gehiago batu zirela saldu izana kritikatzen. 83.000 edo 100.000, badirudi zenbaitzuk ez dutela nahi Euskal Herrian halako ekitaldirik egitea. Ez behintzat gorroto den futbol taldeko hiriburuan baldin bada. Aurreraka ez, atzeraka goaz.

550 egun! Altsasuko hiru gaztek behin-behineko espetxealdian daramaten denbora. Urte eta erdi, parranda arrunt bateko borroka batean Guardia Zibilak zeudelako. Haiek, baina, ez dute barkatzen, ez dute oldartzea barkatzen, eta zigor gogorra bilatuko dute arbitrorik ez daukan justiziarik gabeko epaitegian. A eta l-z hasten den beste herri batean borroka larriagoa gertatu zen larunbatean. Baina hura borroka arrunta da, ez terrorismoa. Zoido ministroak esana. Algeciras eta Altsasu. Amen.

14 urte, Bilbo Basketek elitean egin dituenak. Maila galdu zuen asteburuan, eta Urrezko LEB Ligan aritu beharko du, aritzen bada, eta zorrek ito edo desagerrarazten ez badute.

Bigarrenez lortu dute igoera Jokin Jimenez eta Patxi Morandeira entrenatzaile urnietarrek Bera Berako jubenilen taldearekin. Eta bi minutu atera zizkion Ibai Iriondok Peio Martini larunbatean BTTn Ugaldetxotik Aranora egin zuten desafioan. 34 minutu garaileak, 36 galtzaileak. Galtzaileak 26 kilo gutxiago izanda ere! Parrandan ere pisu handieneko mutilak irabazi omen zuen, lehia estua izan bazen ere. Toki gehiago, likidoa gordetzeko, nonbait…

Eta 1. Euroligako Lauko Finala Euskal Herrian jokatuko da lehen aldiz, Gasteizen. 2019an. Kerejetak erretiroa hartzeko aitzakia ezin hobea.

Iruzkina Idatzi

Captcha image