2018-06-08

Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren kontakizuna

Maiatzak 27, goizeko 8:30ak Zegaman. Hantxe nengoen, hainbeste urtetan amestu dudan Zegama-Aizkorri mendi maratoia hasteko prest. Ibilbidean zehar 42 kilometro eta 5.472 metroko gora behera metatua.

Errespetua, bai. Gogoa ere bai. Jon Ugalderen azken animoak jaso eta irteerara. Zortea izan nuen irteeran bere laguntza izateaz: kirolari bikaina da, baina pertsona paregabea.

Lehenengo kilometroak aldapan gora egin genituen, nahiko erritmo erosoan. Ez nuen estutu nahi, ez nekien eta nola erantzungo zidan gorputzak azken kilometroetan. Indarrak gorde nahi nituen. Kataluniar batekin iritsi nintzen Otzaurtera, 7. kilometrora. Bertan gurasoen animoak jaso eta berriz beste igoera bat, Ultzama pasa eta Beunda parkera behe-laino artean iritsi arte. Beundan lehengusua agurtu eta aurrera.

8-10 korrikalariko taldetxo batean sartu nintzen eta Aratzeraino beraiekin joatea erabaki nuen. Konturatzerako Atabarretako tarteko denbora kontrola zapaldu genuen, 14. kilometroan. Ordulariari begiratu eta denboraz ondo gindoazen, sentsazioak ere onak ziren. Aratz igotzen ari ginela jan-edari postuan geldialditxo bat egin nuen zerbait jan eta indarrak hartzeko. Aratz puntan ez zegoen lainorik eta paisaiaz gozatzeko aukera izan genuen korrikalariok, ikusleen etengabeko oihuen artean.

Beheraka hasi ginen eta taldea sakabanatu egin zen. Aldapan behera gindoazela korrikalari batzuk lurrera joan ginen lokatzaren ondorioz. Elkarri altxatzen lagundu eta, inork minik hartu ez zuela ziurtatu ondoren, aurrera jarraitu genuen. Lokatz asko zegoen eta nahi baino polikiago jaitsi ginen, hala ere jaitsieraz gozatzen. San Adriango tunela pasa eta Sancti Spiritura iristen ari nintzela Zuriñeren animoak jaso nituen. Lan erdiak eginda.

Aizkorrira igotzen hasi nintzen, ikusleek bidea irekitzen zidaten bitartean. Hura zen zarata! Hura zen animatzeko modua! Begiak itxi eta momentuaz gozatu, ezin nuen besterik egin. Izugarria izan zen.
Aurrerago, 20. kilometroan, Aitor zegoen itxaroten, beti bezala edozertan laguntzeko prest. Ez dakit zer esan zidan, oraindik ere aurreko aldapako jendearen oihuekin harrituta nengoen. Ura eskaini zidan. Eztarria busti eta aurrera.

Aizkorri igotzen asko disfrutatu nuen, indarrez ondo aurkitzen nintzen eta hankek ondo erantzuten zidaten oraindik. Aizkorriko puntan Jon Iturralderen animoak jaso eta Aitxurira abiatu nintzen. Eta Aitxuritik Urbiara.

Urbiara iritsi nintzen, 28. kilometrora. Azkeneko igoera nuen parean: Andraitz. Maldan gora abiatu eta hantxe zeuden koadrilako lagunak niri itxaroten. Sekulako laguntza eskaini zidaten, berriro ere Sancti Spirituko igoeran nengoela zirudien. Andraitz igo eta Zegamaraino jaitsiera besterik ez zen geratzen.

Azkeneko kilometroak bakarrik egin nituen. Bakardadeak ere motibazioa mantentzeko gai nintzela erakutsi zidan. Geroz eta gertuago nuen helburua. Azken hilabeteetan egindako lan guztia etorri zitzaidan burura. Azken urteetan izandako lesioek kirolik egin gabe utzi nauten denbora guztia. Bi aldakatan ebakuntzak. Errehabilitazio saio guztiak. Momentu gogorrak benetan.

Zorionez, 42. kilometrora gerturatzen ari nintzen, eta helmugara iritsiko nintzela geroz eta argiago neukan.
Handik gutxira herriko plazan sartu eta helmuga malko artean gurutzatu nuen. Helburua bete nuen, ametsa egia bihurtu zen. Antolakuntzak eta jendeak Zegama-Aizkorri mendi lasterketa bat baino gehiago dela erakutsi zidaten. Ez dago pareko lasterketarik. Nire lehendabiziko parte hartzea izan da, baina ziur ez dela azkena izan. Zegama Zegama da.

Iruzkina Idatzi

Captcha image