2018-06-14

Handienaren alde

Extremadura izango dut hizpide, baina sentitzen dut irakurle, ez diot helduko Andoaingo udalgintzan azken aldian polemika sortu duen gaiari, futbol zaletasunari baizik.

Meridatik zetorren notizia, maiatzaren 26an: Real Madrilek Champions Leaguea irabazi zuen une berean, Merida futbol taldea hirugarren mailara jaitsi zen. Bada, Meridako plaza nagusian jendea erruz bildu omen zen gau horretan.... Madrilen garaipena ospatzeko!

Meridan gertutakoaren atzean suma daitekeen mentalitatea estatuko makina bat txokotara eraman genezake, oker handirik egin gabe. Konstatazio bat baita: milaka eta milaka herritarrentzat elastiko zuria da bihotzekoa; bertako taldea, aldiz... Sentimendu errotu horrekin lotuko nuke, geroz eta ume gehiago Bartzelona edo Real Madrilen elastikoak janztearekin. Andoaingo kaleetan normalizatzen ari den fenomeno horrekin kritiko azaltzeagatik haserretuko zait baten bat –familian eta lagunengandik hasita)–, edonongo taldeko zaletua izateko eskubidea daukagula esanez, eta tira, geraezina dela komunikabideek umeekiko duten indarra. Beste baterako utziko dut betiereko eztabaida, ea haurrei, beren nortasunaren formakuntza prozesuan, nortzuk eta zerk eragiten dieten gehiago: familiak, ikastetxeak, lagun giroak... Argi daukaguna behintzat, zera da, etxetik hasten dela prozesu hori. Zer ikusi, hura ikasi.

Eta boteretsu eta irabazlearen aldekoa izatearen jokabide-arau hori bera trasladatuko bagenu bizitzako gainerako esparruetara? Zein balore transmititzen dituzte, konparazio batera, Ronaldok edo Messik? Zelaian artistak izateaz aparte, gure haurrentzat giza-eredu horiek nahi ote ditugu? Banitatearen eta harropuzkeriaren pertsonifikazioa den pertsona bat? Edota gaztetxo zenetik Katalunian bizi den arren, bertako hizkuntzan sekula esaldi bat ahoskatu nahi izan ez duen bat?.

Mentalitate zaharkitua izatea leporatuko zait akaso, baina handienaren eta arraskatatsuarengana arrimatzeko joera horren atzean askatasun pertsonala baino gehiago, gizaki uniformizatuez eta automatez osatutako gizarte bateko sintomak sumatzen ditut. Non geratzen ote da zure gertuko horrekiko harro sentitzearen sentimendua, izan futbol taldea, izan hizkuntza, izan ohiturak...? Nahiz eta txikiak eta galtzaileak izan.

Iruzkina Idatzi

Captcha image