2018-07-08

Saganen bederatzigarren garaipena, erorketa askoko etapan

Peter Sagan eslovakiarra nagusitu da Tourreko bigarren etapan, talde txiki bateko esprintean, eta Sonny Colbrelli eta Arnaud Demare menderatuta; Gaviria liderra erori egin da 1.8 kilometrora

Saganen Tourreko 9. etapa garaipenak eta azken kilometroetako tentsioak bereganatu zuten arreta Tourreko bigarren etapan. Eslovakiarra eroso nagusitu zen dozena bateko talde txikiko esprintean, Sonny Colbrelli eta Arnaud Demare menderatuz. Talde txikia, 1.8 kilometrora dozena erdi esprinter lurrera joan zirelako eskuinerantz eman behar zen bihurgune itxian. Gaviria liderra eta atzoko garailea bera erori egin zen, eta jokoz kanpo geratu. Saganek, garaipenarekin, maillot horia ere irabazi du.

Etapako protagonista Sylvain Chavanel izan zen, Direct Energie taldeko beteranoa. Frantziarrak, 39 urterekin 120 kilometro luze egin zituen ihesean, tropel nagusiari desafioa botata, baina tropelak, ia beti bezala, bere agintea inposatu zuen, eta helmugarako 10 kilometro eskas falta zirela harrapatu zuen. Eroriko dezente izan ziren, eta horietako batean, Luis Leon Sanchez espainiarrak kolpe handia hartu zuen bizkarrean. Murtziakoa saiatu zen bizikleta gainean jartzen, baina erretiroa hartu behar izan zuen, oinazeak jota.

Gaur 3. etapa jokatuko da, garrantzitsua: 35.5 kilometroko taldekako erlojupekoa Cholet hirian. Ibilbidea gorabeheratsua da, eta faboritoen artean tarte politak egon daitezke, minutu batetik gora zenbait kasutan. Richie Porteren BMC eta Chris Froomeren SKY dira garaipena lortzeko faboritoak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image