2018-07-10

Gaviriaren bigarrena, juxtu-juxtu

Lau ziklistako ihesaldi bat helmugara iristear egon da, baina azkenean esprintean erabaki da

Fernando Gaviria kolonbiarrak irabazi du Tourreko laugarren etapa, esprint itxian Peter Sagan eta Andre Greipel menderatuta. Kolonbiarrak lau egunetan lortzen duen bigarren garaipena da. Hirugarrenik ezin lortu, igandeko etapan erori egin baitzen helmugatik gertu.

Tropelak gogotik lan egin behar izan zuen lau laguneko ihesaldia harrapatzeko. Etapa hasi eta berehala egin zuten hanka lau hauek: Van Keirsbulck (Wanty), Anthony Perez eta Dimitri Claeys (Cofidis) eta Jerome Cousin (Direct Energie). Ia 8 minutuko zuloa ireki zuten, baina De Gendt eta DeClerq zaldiek minutu bakarrera murriztu zuten zuloa.

40 km. falta ziren, eta ihesaldia kontrolpean zeukan tropelak, baina eroriko batek mantsotu egin zuen tropelaren abiadura. Hainbesteraino, aurreko laukoteak hiru minutura igo zuela berriro errenta. Quick Step-ek ezin, eta Groupama-FDJ, Dimension Datta eta Bora jazarpen lanean murgildu behar izan ziren, laukotea azken 1.000 metroen barruan harrapatzeko. Bukaeran erorketak izan zirfen, eta Ilnur Zakarin errusiarra izan zen kaltetuena, minutu bat galduz. Van Avermaetek eroso eutsi zion lidergoari.

Gaur bosgarren etapa jokatuko da, Lorient eta Quimper artean, Bretainiako bihotzean. Bretainia Euskal Herria bezala da, muinoari muino, eta etapa ehiztarientzat aproposagoa da gaurkoa. Helmuga maldan da, kilometro bat %4.8ko pendiza, eta horrek hainbat txirrindulari onen garaipen gosea ere ekar dezake: Valverde, Matthews, Sagan, Impey, Van Avermaet... Aurrez 4. mailako bi mendate, eta 3. mailako beste hiru daude. Tarte txikiak sor daitezke oilarren artean.
 

Iruzkina Idatzi

Captcha image