2018-07-20

Aitari eta amari zor zaien maitasuna

Datorren uztailaren 22an 4 urte beteko dira, aita, gure “lur mundutik” joan zinenetik. 

Azken egunetan, ospitalean ginela, galdetu zenidan ea erosi berria nuen bizikletan joan ote nintzen bisitan zugana. Orduan, zoritxarreko bukaera ezaguna nuen horretan..., zuri eta zure alabari esan nizuen “ez, ez naiz bizikletaz etorri baina ikusiko duzu nola egunen batean zuk hainbeste maite dituzun mendiak zeharkatuko ditudan: Pirineoak. Ikusiko duzu!!” 

Esaldia ez dut inoiz ahaztu eta “agurtu” ondorengo egunetan neure buruari zin egin nion 44 urte betetzerakoan horixe izango zela nire ametsa. Zergatik adin horrekin, eta ez aurretik, edo ondoren? Urte horiek zituelako gure bihotzean daramagun “amatxo maitia”k, 1989an zendu zenean. Horregatik aita, zuri esandakoagatik, zu eta amatxo goraipatzeko, barruan sentitzeko, omentzeko,... horixe izan da nire azken lau urteetako ametsa. Horretan aritu naiz eta horretan eman dut nire ahalegin guztia!

Transpyr lasterketa bakarrik egin dut, nahiz eta antolatzaileek bikote-hirukoteka egiteko gomendioa egin. Hala ere, neure burua ez dut bakarrik sentitu; fisikoki bakarrik egon arren ”hiru gara”, hiru ez, 6, 10, 14, 15, 16.... pilo bat: etxekoak, senideak, lagunak, lankideak, bizilagunak, denak bat!! Ondo gordeta dudan esaldiak dioen moduan “bizitza honetan bitan hiltzen gara; lehenengoa gorputzak agur esaten digunean, eta bigarrena, pertsonarekin inor gogoratzen ez denean”. Eta hori ez da inoiz gertatuko, zin dagizuet. Bihotzean, bihotzez… muxu aita, muxu ama, muxu denei!

Iruzkina Idatzi

Captcha image