2018-09-14

Koloretako itzulera

Irailak beti izan ohi du itzulera usaina. Atzean uzten ditugu udako gau eta egun luzeak eta errutinak bere besoetan hartzen gaitu. Ikasturte berriari buruz hitz egiteko garaia iristen da, helburu berrien garaia, lorpen edo nahi berrien garaia.

 

Ikasleen azal belztuak adierazten du aldaketa bat egon dela ikasleengan, euren aurpegi irrifartsuek adierazten dute indarberrituta etorri direla eskolara, ilusio eta proiektu ezberdinak esku artean dituztelarik.

Uda bukatzeak hurrengo mailara igarotzea esan nahi du eta horrek poza sorrarazten du ikasleengan, helduaro preziatura iristeko pausu bat gehiago ematera doazelako, horrek esan nahi duen guztiarekin: lagunekin egoteko aukera gehiago, etxekoen aldetik baimen gehiago etab.

Sarritan ikasleak ez dira konturatzen euren bizitzako momenturik ederrenak, agian, orain bizitzen ari direla; etorkizunera begira egote horrekin orainaldia erabat aprobetxatu gabe; eta horretaz jabetu daitezen ezinbestekoak gara, edo izan behar ginateke irakasleak.

Lehen egunean dakarten ilusio horri eustea da gure erronka nagusia. Horretarako gure ikasleei tresnarik egokienak eskura jartzea da egokiena. Eta ez gara liburuez, ordenagailuez edo arbelaz ari; gertutasuna eskaintzeaz, eurei entzuteaz eta eurekin batera aurrera egiteaz baizik.

Ikasturtea beti izan ohi da gorabeheratsua eta guztia ez da arrosa kolorekoa baina gure esku dago ikasturtea kolore ezberdinez margotzea. Ikasle bakoitza kolore eta izaera batekoa baita eta guztiek osa dezakete margolan zoragarri bat. Izan gaitezen euren bidelagun! Ikasturte on guztioi!

Iruzkina Idatzi

Captcha image