2018-09-14

Yates-ek beste erakustaldi bat eman du, eta Movistarren ezina biluztu; Pinotentzat bigarren etapa garaipena

Britainiarrak 1.20 segundo sartu dizkio Movistarreko liderrari, eta esku-eskura du Vuelta; gaur du azken erronka, Vuelta osoko etapa gogorrena

Simon Yates-ek aurrerapauso handia eman du Vuelta poltsikoratzeko. La Rabassako ailegaera Valverderentzat egokiagoa zen, itxuraz, oilarrak elkarrekin helmugaratzen baziren, eta horregatik egin zuen lana beltz Movistarrek etapa hasieratik: ihesaldiek arrakasta izan ez zezaten. La Rabassako lehen 5 kilometroetan ere erritmo gogorra jarri zuten Annaconak, aurrena, eta Nairo Quintanak ondoren, baina kolpea ez zuen Valverdek eman, Yates-ek baizik.

Eraso gogorra: bi pinoi jaitsi, eta dinbi-danba astindu plater txikia. Aurretik zihoazen Kruswijk eta Pinot harrapatu zituen, eta atzean geratu ziren, ezinean, Valverde, Mas eta Lopez. 15, 25, 40 segundo... minututik gora, bi kilometroren faltan, eta Valverde gero eta okerrago, bera baino ahulago ibili diren hainbaten erasori erantzun ezinik. Etapa garaipeneko borrokan, Pinotek bere bigarrena irabazi zuen, Yates-en erritmo itzela maisuki aguantatuz.

Dozena erdi segundora iritsi zen Kruswijk, minutura Lopez eta Mas, eta 1.12ra Valverde. Gainsariak aintzat hartuz, Murtziakoa Yates liderrarengandik 1.38ra geratu da, eta Kruswijkek podiumeko hirugarren eskilara lapurtu dio Enric Mas-i, behin-behinean.

Bihar Vueltako etapa gogorrena jokatuko da. Gogorrena, baina laburrena! 97 kilometro baino ez, denak Andorrako printzerrian. Andorran hasi eta Coll de la Gallinan bukatu, sei mendate igo beharko ditu tropelak, batere atsedenik gabeko ibilbide hautsian: hirugarren mailako bat, bigarreneko beste bat, lehen mailako 3 mendate, eta bukaerakoa, maila berezikoa. Eguraldi trumoitsua iragarri dute, eta horrek aldaketa asko eragin ditzake sailkapen nagusian, baina gorriak Simon Yates-ena dirudi, dagoeneko.

Iruzkina Idatzi

Captcha image