2018-09-28

Etxeko lanak

1993ko irailean 20 urte nituen. Unibertsitateko hirugarren urtea. Eguneroko ohitura. Xauxar tabernara jaitsi eta lagunekin tertulia, gauerdia pasa arte gutxienez. Irailaren 22ko goizalde hartan, Xauxar-etik Urrakarako bide erdia Juantxo Sardonekin egin nuen. Idiazabal kaleko kiosko zaharrean, baina, Guardia Zibilen Patrol handien ilara luzea ikusi genuen. Guri begira pasa ziren.

 

Panaderiko aldapan Juantxo-k aurrera jarraitu zuen. Ni Aranzubi aldera. Aldapa jaitsi, ezkerrera, portaleko atea ireki… eta bi metroko 4 morroi han, armak eskuetan. ‘A por quien venis?’ galdetu nien. Batek Carmen Urbistondo esaten asmatu zuen. ‘Es mi hermana’, esan nien. Gogoratzen dudan hurrengo esaldia, ‘contra la pared y no se mueva’. Hurrengo soinua, aita zenaren oihuak Guardia Zibilak etxean kolpeka sartu zirenean.

Gero orduak etorri ziren. Egunak. Zain egon beharra, notiziarik gabe. Eta bat etorri zenean... Etxera deitu zuten. Urnietan atxilotu zituzten bi emakumeetatik bat hil egin zela Madrilen. Ez dakit nola azaldu egoera hura, nor izan zen jakin genuenean, Iantzi Igerategi sendia mindu gabe. Madrilen, Entzutegi Nazionalean, Iñaki anaia sartu zen kalabozoetara, arreba ikustera. Galdera zuzena egin nion amak ez entzuteko moduan: ‘Jo ditek?’ Erantzuna: “Burua butano bonbona bat bezala zeukak”.

Joan dira 25 urte. Inoiz ez dut solasaldi luzerik eduki arrebarekin pasadizo hartaz. Bistan da ez duela eduki nahi. Baina ia inor ez zaio galdetzera joan. Ezta Iantzi Igerategi sendiari ere. Galdera soilak: ze pasa zen han? Laguntzarik behar duzue? Ondo zaudete? Galdera horiek egin eta batzuen buruan biolentzia ezberdinen paradigma hasten baita; ekidistantziaren lasterketa, errelato, edo errelatoen borroka. Nik torturatuak, edo polizia liskarretan hil direnentzat justizia, egia, erreparazioa eskatzen badut, ETAk hil zituenekin antzeko jokabidea ote dudan erantzungo didate. Galdetu jartzen dudan tokian leporatu erabil nezakeen...

Honatx, erantzuna: Bai. Salatu, gaitzesten dut ETAk egin dituenak. Torturen ondorioz, poliziaren sarekadetan eta beste hil direnak bezalaxe. Baina biktima batzuk, ETAk eragin zituenak, merezi duten errekonozimendu, erreparazio eta justizia jaso dute. Milaka torturatuek ez. Zer esanik ez Gurutze Iantziren familiako kideek. 

Batzuk ez dute biktima direnik onartuko sikiera. Torturak atxilotuen asmakizunak direla sinetsita daudenak, hain zuzen ere. Lan asko dago, dugu egiteko. 

Euskal Herriak defizit handia du. Biktima parapolizialen legearekin gertatzen ari dena, adibide. Egindako delituak ez ikertzeko exijentzia egin dute zenbait alderdi politikok… elkarbizitzaren aitzakiapean. Halako eskaerak ez dira ulertzen Euskal Herrian, baina independentzia juridikoa eduki bitartean ez da aldaketarik egongo. Izan ere, zehar kalterik jasateko beldurrik gabe esan daiteke publikoki ETAk erail zuela, baina ezin da esan askatasunez publikoki norbait torturaren ondorioz hil zenik. Esaten bada, Euskal Herrikoa ez den Justizia bat etor daitekeelako, kontu eske.

25 urte. 1993ko bi argazki, bi koadrila kidek egindakoak. Jon Martiarenak bata. Jatorri jeltzaleko familiakoa. Urnietako Ezker Abertzalearen egoitzara hurbildu zen, ausart, bere koadrilako lagunak atxilotu eta torturatu zituztelako, pankartak egiten laguntzeko. Juan Miguel Perurena, bestea. Militantzia politiko jakinik gabekoa. Gurutzeren zerraldoa bizkar gainean hartu zuen, Udaletxe barrura eramateko, bere sumindura azaltzeko.

Errenteria. 2018. ETAk eraildako Guardia Zibil baten emazte eta semea herriko alkatearekin batzartu dira, eta hark, herriaren samina eta elkartasuna aitortu die publikoki. Alkatea EHBildu alderdikoa da, Julen Mendoza. Urnietak ere Errenteria izaten saiatu beharko luke…

Iruzkina Idatzi

Captcha image