2018-10-10

Apustu etxea, herrian bigarrena

Andoaingo Zumea plazako etxepe batean obratan ari dira aspaditxo hasita, eta itxura denez, apustu etxea irekitzekotan dira bertan. Bigarrena izango litzateke Andoain herrian.

Zer pentsa azken aldian modan jarri eta ahoz aho dabilen apusturako modalitate berri horren inguruan? Apustu etxeak arrapalaka ari zaizkigu ezartzen hiri eta herrietan, eta baita horiekin lotura zuzena duten on-line apustuak, mugikorrez eta hatz batez eskura dauzkagunak. Komunikabide pribatu zein publikoetan etengabea da mota horietako apustutan parte hartzera xaxatzen gaituen publizitatea.

Kontrara, batere lasaigarriak ez diren gero eta albiste eta ikerketa gehiago ari zaizkigu iristen. Gaitz soziala aipatzen da, ludopatiaren bertsio moderno eta iluna, mugikorra eskuetan bost minututan edonor hondoratuta utz dezakeen mekanismo siniestroa, familia ugari hondatzen ari dena... Harago joanda, bada 80ko hamarkadako heroinaren bertsio berria izan daitekeela uste duenik ere.

Azpeitian, esate batera, apustu etxea irekitzekoak direla-eta, zenbait herritar haren aurka mugitzen ari dira, hitzaldiak, sinadura bilketa eta elkarretaratzeak antolatuz.

Panorama berri horren aurrean bi aukera, behinik behin, jartzen zaizkigu begi bistan. Lehena, beste aldera begiratzea, merkatu libreko sistema kapitalistan bizi garenez kontsumorako eta dibertsiorako gutako bakoitzak daukan askatasun pertsonala errespetatu behar dela aldarrikatzearekin batera. Azken batean, loteriak, bono-lotoak, kinielak, mila eratako zozketak..., aspalditxo bizi gara inbasio horren gerizpean. “Jokoa ez da errenta” ez da atzo goizean asmatutako esaera gure herrian.

Bigarrena, on-line bidezko errealitatearen aurrean modu kolektibo batean hausnartzera gonbidatzea. Gerta daitekeelako Salkin elkarteak dioen leloarekin erabat ados egon arren –merkatalguneak herriari bizitza ematen diotela, alegia–, salbuespen mingarriak ere izatea. Herriari bizitza ematearen aurkakoa izan daitekeena, alegia.

Iruzkina Idatzi

Captcha image