2018-11-23

Ez dago eskubiderik

Ez ohiko gertakaria gertutik bizitzea egokitzen zaizunean, ohartzen zara bizitzako hainbat arlotan zenbat dugun hobetzeko. Arlo publikoan zein pribatuan, hizki handitan justizia deitzen den sistema horretan, lan munduko zein gizakien arteko harremanetan.


Labur esanda, Beatriz, lagun bat, kale gorrian geratu zen orain hilabete batzuk, lantokiko nagusiak lanposturako gaitasunik ez zeukala argudiatuta. Kaleratzea auzitara eraman zuten Beatrizek eta bere abokatuak, eta urriaren 25erako jarri zen epaiketaren hitzordua. Jende mordoa bildu ginen auzi-gelan, lekukoak ez ezik, baita ere bere ikasle eta lankide ohiak, lagunak... Ordubetez gelako atarian zain egon ostean heldu zen epailea. Eta hurrengo ia bi orduz suspentsezko film intentso baten lekuko izan ginen, bi aldeen mugimenduak zirela-eta. Gerra psikologikoa, negoziazioa burutzen ari ziren bitartean. Azkenean, ez zen epaiketarik egin, Beatriz berriro lantokian onartzea adostu eta gero. Pertsonez osatutako edozein lan-komunitatetan nahitaezkoak diren gutxieneko arauak eta baloreak galtzeko zorian jarri dira lantoki horretan. Edonori zor zaion errespetua, lehenik eta behin. Eta ez Beatrizek, ez beste inork ere, ez du tratu umiliagarri hori merezi, edonor lur jota utz dezakeen trantze psikologikoa pasarazi diotelako, hainbat hilabetez. Auzitan jarri da pertsona langile baten gaitasuna, pertsonala zein profesionala. Eta Beatriz ondo ezagutzen dugulako joan ginen hainbeste pertsona epaiketara, haserre. Bere gizatasunaren jakitun garelako. Ez hori bakarrik, Andoaingo Bideo eta Zine Eskolaren eta herriko kultur bizitzaren arteko zubilanak fin-fin egin izan dituelako. Azken batean, eskolaren irudia eta herriko kultur dinamizatzailea biak batera izan delako.

Iruzkina Idatzi

Captcha image