2018-12-21 1

Mari Domingi

Gainean ditugu berriro ere Gabonak eta baita data horiei dagozkien ohiturak eta tradizioak ere. Horiekin batera etorriko da Olentzero eta, hortxe aldamenean, distiratsu, Mari Domingi. Baina Gabonek horiekin batera ekartzen dizkigute hamaika poz eta buruhauste! Hona hementxe nirea: 

Zer esan etxeko txikienei, Mari Domingi nor den eta zer egiten zuen galdetzen dutenean? Orokorrean, kezka gainetik azkar kentzeko moduko erantzuna ematen diegu: Olentzeroren laguntzailea dela, gutunak jasotzen dituela edota jostailuak antolatzen laguntzen diola. Egia da haurrek galdetzen diguten guztia ez dugula zertan jakin, baina gaiari buelta pare bat eman eta arduraz jokatzea komeni zaigu. Ikus dezagun, bada.

Mari Domingi duela 20 urte agertu bazen ere, hainbat adituk eta dokumentu zaharrek ez dute garbi azaltzen emakume hori nor eta zer izan zen. Izan ere, lehenagokoa den Olentzeroren aztarnek diote ez duela inoiz bikoterik, lagunik edota andrerik izan. Besteak beste, Mari Domingi ez da Barandiaranen mitologia liburuetan inon agertzen; oker ez banago, gaurdaino eguberri kanta batean gona zaharra jantzita agertzen den emakume bat besterik ez da. 

Olentzero bera kalera ateratzea, hasieran, 1956an Iruñean herritarren artean euskara sustatzeko sortutako ekimena izan zen. Gaur egun, euskararen egoera hobetu zaigu, baina gizartean sekulako genero-desberdintasunak
ditugunez, neska-mutilen artean berdintasuna sustatzeko Olentzeroren aldamenean jarri dugu Mari Domingi. Hala ere, berdintasunaren izenean egindako guztia ez da berdintasunarentzat onuragarri bilakatzen. Izan ere, sexuen arteko berdintasuna bilatzen duten ekinbide batzuek, hain justu, aurkakoa lortzen dute. Mari Domingi, emakumezko erreferente bat eskaintzeko munduratu da, baina, egia esan, Olentzeroren laguntzaile huts gisa ageri zaigu; hau da, Olentzero da haurrentzat axola handikoa. 

Bestalde, Olentzerori bikote-laguna sortu diogun unean bertan, Olentzeroren beraren generoa definitu dugu. Olentzero, maskulinoa, eta Mari Domingi, femeninoa. Eta Olentzerok ez badu sexurik? Leitzan esan izan dute, garai batean Orantzaroa emakumezkoa ere izan zela. Horrez gain, Mari Domingi aldamenean jartzean, ez gara konturatu haurrei bikote tradizional heterosexualaren eredua saltzen ari garela.
Ezin al ditu opariak bikote homosexual batek ekarri? edo Olentzero alarguna, ezkongabea edo mutilzaharra izan? Egia esan, konturatu gabe, baina politikoki zuzena dena saltzen ari gara. 

Gure mitoak eta mitologia egokitu eta tradizioak birziklatzea beharrezkoa da. Horregatik, Mari Domingiren sorrera neurri batean ulertu eta babesten dut; gainera, etorkizunean haren istorioa hobeto eraikitzen joango garenaren itxaropena dut. Kontuan izan behar dugu, ordea, pertsonaia bat sortu aurretik, horrekin zer lortu nahi dugun; izan ere, pertsonaia maskulino baten eragina orekatzeko intentzioz asmatu diren pertsonaia femeninoek ez dute nahi adinako garrantzirik izaten. Emakumea sustatzeko, emakumeak berak izan behar du protagonismoa eta, horretarako, gure mitologian badugu non astindu: erreketako eta itsasoko laminak, Anbotoko Mari, sorginak…

Iruzkina Idatzi

Captcha image

Gizarte Hezitzailea eta Gizarte/Kultur Antropologian lizentziatua

Iritzi emaile gehiago