LARRAUL 2017-11-02 14:04

Parke zaharraren etorkizuna, herritarren artean

Prozesu parte-hartzaile baten bidez erabaki dute larrauldarrek parke zaharrari emango dioten erabilera. Emaitza bezain garrantzitsua izan da egindako bidea.

Ander Leon zinegotzia, Zabaleta parkean.

Larraulgo whatsapp taldea

Herritarrei informazioa helarazteko ekimen berria jarri dute martxan Larraulen. Whatsapp taldea osatu dute, eta herritarrek, telefono bidez jasotzen dituzte berriak. “Bando eta informazio ezberdinak postontzi bidez banatu izan dira beti. Zenbait herritarrek ez du postontzira maiztasun handiz joateko ohiturarik, eta informazioa ez zen beti modu egokian iristen. Irtenbide bila, whatsapp taldea sortzea bururatu zitzaigun. Oso berria da, baina erantzun polita izan du. Etxe bakoitzeko kide bat, gutxienez, taldean sartuta egotea nahi genuke”, azaldu du Ander Leon zinegotziak.

Herrian barrena umeentzako zeuden arrisku guneen inguruko azterketak eman zion hasiera parkearen inguruko prozesuari. Ander Leon zinegotziak azaldu duenez, bi arrisku gune nagusi antzeman zituzten herrian, “batetik, pilotalekuko goialdeko hesia ez zen segurua, umeak bertara igo eta eror zitezkeelako. Auzolanean konpondu genuen arazo hori, hesian aldaketa batzuk eginda. Bigarren arrisku gune nagusia parke zaharra edo Zabaleta parkea zen. Jolas-tresnak oso zaharkituta zeuden eta edozein momentutan umeren batek mina hartzeko arriskua zegoela ikusi genuen. Larraulen, gainera ume asko ibiltzen da; bertakoak ez ezik, Hezkide eskolara edo egunpasa egitera etortzen direnak. Hori horrela, jolas-tresna horiek lehenbailehen kentzea erabaki genuen Udalean”.

Txoko kuttuna

Parke zaharra, ordea, txoko maitea da larrauldarrentzat eta, hutsa ikusteak, egonezina sortu zuen herritarren artean. “Kezka horren aurrean, prozesu parte-hartzailea irekitzea erabaki genuen. Espazio horren erabileraren inguruko erabakia ahalik eta jende gehienaren artean hartutakoa izatea nahi genuen. Horrenbestez, proposamenak aurkezteko epea zabaldu genuen. Zer eta nola egin nahi zuten zehaztearekin batera, ahal zen kasuetan, aurrekontua ere aurkeztea eskatu genien herritarrei”.

 

Proposamen asko

Hamalau proposamen bildu zituzten guztira. “Horietako asko taldean osatutakoak ziren gainera, beraz, parte-hartze handia izan zen. Oso pozik hartu genuen erantzun hori. Ondo landutako ideiak ziren, gainera”. Ander Leonek azaldu duenez, bi talde nagusitan bana zitezkeen jasotako proposamenak. “Pik-nik gune edo merenderoa egiteko proposamena luzatu zuten zenbaitek, eta berriz ere jolas-leku gisa atontzea beste batzuk. Bi aukerak baloratu genituen Udalean, baina ez genuen erabakia guk bakarrik hartu nahi, eta bilerara deitu genituen proposamena aurkeztu zuten herritarrak”. Adostasunera iritsi ziren lehen bilera hartan bertan eta prozesua aurrera doa: “Proposamen ezberdinen artean bozketa egitea baino egokiagoa iruditu zitzaigun adostasuna lortzen saiatzea. Eta bilera bakarrean lortu genuen hori. Museoaren atzealdean egokituko da pik-nikerako gunea, janaria erretzeko parrillaren bat gehituz. Plazan, horren berri ematen duen panela jarriko da, kanpotik datozenek jakin dezaten”. Parke zaharrean, berriz, jolasteko eta lasai egoteko gunea moldatuko dute. “Mahai-teniseko mahaia dagoen gunean, lurra egokitu egin behar da. Mahai berriak ere jarriko ditugu. Jolas ezberdinen taulak izango dituzte mahai horiek; partxisa, xakea… Haurrei jolaserako eta mugimendurako aukera handia ematen dieten tamaina ezberdineko belar-bolak ere jarriko dira, batetik bestera saltoka ibil daitezen. Horrez gain, eserlekuak ere konpondu egin beharko dira, baita parkea inguratzen duen hesia ere”, azaldu du Anderrek.

 

Azken bilera

Egunotan, arkitektoa proiektua garatu eta aurrekontua osatzeko lanak egiten ari da. “Beste bilera bat deituko dugu, arkitektoak aurkeztutakoa jendeari erakusteko. Ados bagaude, datorren urteko Udal aurrekontuetan sartuko dugu parkearen eraberritzea eta 2018an zehar egingo dira lan horiek”.

Prozesu parte hartzaileak eman duenarekin gustura ageri da Ander Leon: “Batetik, Zabaleta parkeari irtenbidea bilatu zaiolako, eta bestetik, oso aberasgarria izan delako eta gisa honetako erabakietarako bidea erakutsi digulako”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image