LARRAUL 2017-11-17 12:39

Badator Kultur Astea

Azaroaren 25etik abenduaren 2ra luzatuko da Kultur Astea. Larraulgo gazteak diaporama emanaldiaz arduratuko dira.

Unax Azpiroz, Naroa Gorraiz, Iraia Leon, Arene Belaunzaran eta Ane Mujika, Larraulgo Gazte lokalaren atarian.

Larraulgo Kultur Astea

Azaroak 25, larunbata

08:30 Irteera. Laguardia herrira eta Fernandez de Pierola bodegara bisitak.

 

Azaroak 26, igandea

16:00 I. Eskoba lehiaketa.
19:00 Gazteentzako pelikula (+12).

 

Azaroak 27, astelehena

19:30 Argindarraren kontsumoa aztertu, ulertu eta murrizten laguntzeko tailerra.

 

Azaroak 28, asteartea

18:00 Diaporama emanaldia. Larraulgo gazteen eskutik, urteko argazki bilduma.
19:30 ‘Catalunya bidegurutzean’ mahai-ingurua. Martxelo Otamendi (Berria), Estitxu Eizagirre (Argia) eta Luke Uribe-Etxeberria (EAJ-PNV).

 

Azaroak 29, asteazkena

19:30 Erromanizazioa Gipuzkoan hitzaldia. Hizlaria: Elena Torregarai (EHU-UPVko irakaslea eta Irungo Oiasso museoko arduradun zientifikoa).

 

Azaroak 30, osteguna

19:30 Gure basoetako perretxikoak hitzaldia. Hizlaria: Ibon Azpilikueta.

 

Abenduak 1, ostirala

17:00 Umeentzako merienda Katillu-Txulo elkartean. Ondoren pelikula kultur etxean.
21:00: Kantu afaria. Hertzainak tributoa Txalainak taldearekin.

 

Abenduak 2, larunbata

11:00 Tibetar ontziak eta autoezagutzarako doinuak hitzaldi tailerra.
16:00 Mus lehiaketa Katillu-Txulo elkartean.
18:00 Tortilla patata lehiaketa.
18:00-20:00 Egutegirako argazki aukeraketa.
20:30 Ruper Ordorikaren kontzertua.

 

Abenduak 3, igandea

10:00 Mendi irteera.
18:00-20:00 Egutegirako argazki aukeraketa.
18:00 Talo eta gaztaina jatea Katillu-Txulo elkartean.

Oharrak

  • Hitzaldi guztiak eta pelikulak kultur etxean izango dira.
  • Afarian izena emateko zerrendak Herri Ostatuan eta Katillu-Txulo elkartean egongo dira azaroaren 29ra arte.
  • Patata tortilla lehiaketa plazan izango da eta norberak ekarri beharko ditu tresnak eta osagaiak.
  • Mus lehiaketan izena emateko epea egun berean amaituko da, 16:15ean.
  • Ruper Ordorikaren kantaldia San Esteban elizan burutuko da.
  • Gaztain eta talo-jatean 3 euroko sarrera kobratuko da.
  • Kultur batzordeko kideek, egitaraua osatzen eta betetzen lagundu duten guztiei eskerrak eman nahi dizkiete eta, era berean, herritar guztiei ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatu.

Azaroaren 28an eskainiko duten diaporama emanaldia prestatze lanetan ari dira Larraulgo gazteak. Iraia Leon, Ane Mujika, Unax Azpiroz, Naroa Gorraiz eta Arene Belaunzaranek eman dituzte egiten ari diren lanaren inguruko azalpenak. Urtean zehar Larraulen ateratako argazkiekin Power Point proiekzioa osatu eta musikaz jantzi dute emanaldi horri begira. Aurrez, ordea, posta elektroniko nahiz eskutitz bidez herritarrekin harremanetan jarri dira eta haien argazkiak jaso dituzte emanaldia osatzeko. “Herritar askok hartu du parte, argazki asko bidali digute”, diote elkarrizketatuek pozik. Aurtengo diaporama emanaldian, Aiztondoko Maskaradako, Larraulgo jaietako, Santa Ageda edota San Juan bezperatako edota Kultur eta Kirol Asteko argazkiek izango dute pisurik gehien. Argazki horietako batzuk, Larraulgo egutegirako ere aukeratuko dira agian gero baina, ekimen bakoitzak argazki mota ezberdinak biltzen ditu orokorrean, “diaporama emanaldian larrauldarren edota herritarren artean antolatutako ekintzen argazkiak biltzen ditugu eta egutegian herriko paisaia edota talde handienak izaten dira gehiago”. Herritarrei diaporama emanaldira gerturatzeko deia egin diete gazteek, mereziko duela uste baitute. Eurek ere, Kultur Asteko gainerako ekintzatan parte hartzeko asmoa erakutsi dute.

 

Gazte lokal berria

Joan zen udaz geroztik, gazteak elkartzeko egoitza berria dute Larraulen, Antton Amonarriz kultur etxearen eta Larraulgo eskolaren azpialdean. Astegun nahiz asteburuetan biltzen dira gazteak bertan eta pozik agertu dira. “Lehen beste lokal bat genuen ondoko gelan, txikiagoa zen. Larraulgo Udalak utzi digu txoko berri hau eta gustura gaude, leku gehiago baitugu hemen”. Taldekide guztien artean antolatzen dute bertako martxa, “bilerak egiten ditugu ekintza ezberdinak antolatzeko eta baita lokaleko arauak zehazteko ere; garbiketa dela edo bestelako lanak”.

Cristian Pizarro Gazte lokaleko kideak eta Larraulgo Kultur nahiz Gazteria zinegotziak, egoitza berria gazteei uztea haurreskola itxitakoan erabaki zela adierazi du, “taldea handitzen ari zela eta aurreko lokala txiki geratu zela ikusi genuenean”. Lokala eskuratzearen trukean, Gazte lokaleko kideek hilabetean zehar ekintzaren bat antolatzeko ardura hartu dute, herrian eragiteko. “Mendi irteeraz gain, umeentzako pelikulak eskaini izan ditugu ikus-entzunezko gelan. Bestalde, herriko festetan edota Udalak antolatutako ekintzen antolakuntzan ere talde bezala hartzen dugu parte, besteak beste, haurrentzako ekintzak antolatzen”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image