LARRAUL 2018-03-19 11:48

Ait Chaou eta Baraibar garaile Larraulen

Eguraldi makurra izan zuten atzoko korrikalariek. Nolanahi ere, ez zuten hutsik egin eta irteera puntuan, kirolari asko bildu zen Larral-Ernio-Larraul lasterketan parte hartzeko prest. Hirumugarrietatik gora elurra izan zuten eta lokatzak ere erorikoak eragin zituen. Hassan Ait Chaou billabonatarra izan zen azkarrena gizonezkoen artean, Leire Baraibar izan zen garaile emakumeetan.

[Argazkiak]

Ait Chaou eta Baraibar garaile Larraulen

10:30etan atera ziren korrikalariak Larraulgo plazatik. Aurretik, Rosi Talavera korrikalaria omendu zuten. 17 urte besterik ez zituela, maratoia korritu eta marka jarri zuen. Gustura hartu zuen Rosik omenaldia, eta atletismoa, bere bizimodua izan dela  azpimarratu zuen, bere pasio eta lanbidea.

Irteera emanda, korrika abiatu ziren lasterkariak. Eguraldi makurra ikusita, ibilbidea laburtzeko aukera eskaini zieten korrikalariei. Gehienek, ordea, Ernioraino igotzeko aukeraren alde egin zuten. Gurutzea ukitu eta Larraulgo plazarako bidea egiten azkarrena Hassan Ait Chaou billabonatarra izan zen. 1:16:29 izan zen ibilbidea egiteko behar izan zuen denbora.

 Iñaki Olano altzotarra izan zen bigarren, 1:17:03ko denborarekin eta Aitor Manterola hirugarren, 1:22:12 eginez

Emakumeetan berriz, Leire Baraibarrek lortu zuen garaipena. Lehen aldia zuen Larraulgo lasterketan, eta hasiera ezinhobea eman zion. 1:39:06 behar izan zuen. Bigarren, Rosa Uribe izen zen, 1:43:11ean, eta hirugarren Onintza Mitxelena, 1:44:54.

Eguraldia oso kaskarra bazen ere, ikuslerik ez zen falta ibilbidean barrena. Larraulgo plazan, bote luzeko taldeko kideek Ostatua zabaldu zuten eta horri esker, euritik babesteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image