LARRAUL 2018-06-07 08:06

Iraide Tejeria, idazle sena duen larrauldar gaztea

Duela hiru urte inguru hasi zen Iraide Tejeria larrauldarra idazteko zaletasuna garatzen. Hamabi urte ditu, eta saritua izan da hainbat sariketatan.

Ipuinak idazten ditu Iraidek eta maila ederra duela erakusten ari da, sari ezberdinak eskuratuz

Atletismoa

Duela hiru urte hasi zen Iraide atletismoa egiten. Tolosara joaten da, astean bitan, entrenamentuak egitera. “Eskolako irakasleak animatuta hasi nintzen atletismora joaten. Hasiera ez ze erraza izan, baina orain oso gustura nabil. Kirol emaitzak ere hobetzen ari naiz; aurten, seigarren postua lortu dut Gipuzkoako txapelketan”. 2000 metroko distantzian aritzen zen lehen, baina distantzia motzetan ari da egun, 60 m eta 150 mko probetan: “Ez nuen uste ondo moldatuko nintzenik, eta ez nuen distantziaz aldatu nahi. Gustura nabil, ordea”.

Iraidek ez du erraz etsitzen, ez idazterako garaian, ezta kirolean ere. “Emaitza onak ez badira iristen, hobetzeko erronka jartzen diot nire buruari. Ez dut uzten edo etsitzen, aurrera jarraitzen dut nik nahi ditudan helburuak lortu ahal izateko”, azpimarratu du.

Herrietako krosetan ere parte hartzen du Iraidek. Entrenamentu gisa hartzen ditu gehienbat, hankak indartzen joateko. “Jendea ezagutzeko eta fisikoa indartzeko ondo etortzen dira”, azaldu du.

Ekairi gutuna

Aiztondo Gutun Lehiaketan saritua izan da Iraide. “Ekairi gutuna” zen aurtengo gaia. Iraideri ez zitzaion oso erraza egin: “Gai itxiak zailagoak egiten zaizkit. Errazago moldatzen naiz gaia oso irekia denean. Nahi dudan gaia jorratzeko aukera ematen didate, eta gusturago aritzen naiz. Ekairen gutunarekin kosta egin zitzaidan bideratzea, baina gustura gelditu nintzen idatzitakoarekin, eta hori da garrantzitsuena. Azken finean, transmititzea da gehien gustatzen zaidana eta gutun honekin, lortu nuela esango nuke”, azaldu du Iraidek. D mailan lehiatzea egokitu zaio aurten Iraideri; 12 eta 16 urte artekoen mailan. “Aurten bete ditut 12 urte. Adinak bere garrantzia ere badu, baina nire ustez, sariketatan garrantzitsuagoa da idazteko modua”, azaldu du Iraidek.

Ekainaren 8an jasoko du saria, Alkizan.

Noiz hasi zinen idazten?

Aurrez ere idazten banuen ere, duela hiru urte hasi nintzen zaletasun hori gehiago garatzen. Eskolan genuen jolas batekin hasi nintzen. Irudi ezberdinak zituzten dadoak bota, eta irteten ziren marrazkietan oinarritutako ipuina osatu behar zen. Etxean ere badut joko hori. Gorakadarik handiena, hala ere, aurten egin dudala esango nuke. Idazketako sari ezberdinak irabazten hasi naiz, eta horrek hobetzen jarraitzeko gogoa piztu dit. Eskolan idazten dut bereziki, nahiz eta etxean ere aritzen naizen.

Nolako testuak dira sortzen dituzunak?

Ipuinak eta gutunak idazten dizut, gehienbat. Idazteko modua ezberdina da. Ipuin bat sortzean, hasiera, korapiloa eta bukaera idatzi behar dituzu. Gutunen kasuan berriz, sentimenduak transmititzeari ematen diot garrantzia. Errazagoa egiten zait gutunak idaztea, asko gustatzen zaidalako kontakizunak osatzea.

Gure eskolako liburutegi tailerrean aritzen naiz askotan. Sormena lantzen eta kanpora ateratzen laguntzen du liburutegi tailerrak eta hortxe idaztea gustatzen zait. Olerkiak, ipuinak…, denetarik egiten dut. Azkenaldian ez dut olerki askorik idatzi. Sariketetara aurkezteko ipuinak egiten aritu naiz gehiago.

 

Idazketa eta irakurketa nahiko lotuta doaz. Irakurzalea al zara?

Bai, gustatzen zait. Zerbait sortu nahi baduzu, garrantzitsua da ideiak hartzea eta horretarako beharrezkoa da irakurtzea. Abenturazko liburuak irakurri ditut orain arte gehienbat, baina nobela bat ere irakurri berri dut: Haizeari begira. Eskolan zein etxean, tarte ezberdinak hartzen ditut irakurtzeko.

Testu bat idatzi ondoren, nori ematen diozu irakurtzeko?

Eskolan egin badut, irakasleari ematea gustatzen zait, zuzendu dezan. Etxean idazten dudanean, ama izaten da irakurtzen lehena. Sariketara aurkezteko testua bada, eskolan ematen diogu beti azken begiratua. Pixkanaka, nire estiloa finkatzen ari naizela iruditzen zait. Sentimenduetatik jotzen dut. Aurrez, umorea jorratzea gustatzen zitzaidan, baina konturatu naiz gehiago adierazten dudala nire testuetan sentimenduei tokia egiten badiet.

Sentimendu horiek adierazteak ez al dizu erreparorik ematen?

Ez. Sentitzen dudana idazten dut eta idazten ari naizen momentuan, ez zait inporta jendeak zer pentsatuko duen. Nik niretzat idazten dut, eta ez dut pentsatzen besteek zer esango ote duten. Idatzitakoarekin gustura geratzen banaiz, ez zait gehiegi inporta gainerakoek esaten dutena. Nolanahi ere, asko gustatzen zait irakurlearen barrura iritsiko diren kontakizunak sortzea.

Elkarrek antolatzen duen ilustrazio eta ipuin lehiaketan ere sari potoloa jaso berri duzu. Kontaiguzu…

Eskolako ama baten bidez jakin genuen lehiaketaren berri. Ilustrazio bat ematen dizute, eta horren inguruan sortu behar duzu ipuina. Aurten Elena Odriozolaren ilustrazio baten inguruan idatzi behar genuen, eta berehala etorri zitzaidan ideia. Nahiko erraz idatzi nuen. Askotan gertatzen zait idazten hasi eta ezin amaitua.

Behar baino luzeagoa atera zitzaidan, eta lanak izan nituen ipuina laburtzen. Garrantzitsuena utzi, eta detaileak kentzea zen erronka, baina askotan detaile horiek egiten dute polita kontakizuna, eta ez da erraza zer kendu erabakitzea. Bukaera irekia utzi nion ipuinari.

Ikaragarrizko ezustekoa izan zen saria lortzea. Euskal Herri osoko 1700 pertsona aurkeztu ziren lehiaketara, bi mailatan bereizita. Lehen saria eskuratzea ikaragarria izan zen. Sariketako egunean, nire ipuina irakurri nuen jendaurrean. Hasieran lotsa pixka bat pasa banuen ere, ondo moldatu nintzen.

Nolakoa izaten da zure sortze prozesua?

Egunaren araberakoa izaten da hori. Batzuetan, ideia etorri eta azkar batean amaitzen dut idatzi beharrekoa. Beste batzuetan, ordea, ideia bila hasi behar izaten dut. Liburuetan begiratzea gustatzen zait horrelakoetan. Horrela ere ez bazait ideiarik etortzen, hurrengo egunerako uzten dut. Ez dut erraz etsitzen.

Etorkizunari begira, idazten jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Aurten sari asko lortu ditut eta badakit hori errepikatzea oso zaila izango dela. Hala ere, idazten jarraitzeko asmoa dut, eta baita lehiaketa ezberdinetara aurkeztekoa ere.

 


Iraide Tejeria Arozena Ipuina  |   Elena Odriozola Ilustrazioa

PORTURA SO



Bazen behin, itsas bazterreko herrixka txiki bat, txikia bezain berezia. Bertan ez zen jende asko bizi, zaharrak gehienak, ahal zuten gazteak bizitza hobe baten bila irteten baitziren. Baina bazen familia gazte bat, aita, ama eta hauen seme Luisek osatzen zutena. Luis oso mutiko alaia zen. Aita, arrantzalea, herrixka hartako gizon gehienen antzera. Hau zen bertako ogibide nagusia, belaunaldiz - belaunaldi ikusi eta ikasi zutena. Egunero joan ohi zen itsasora, arrantzara goizean goiz, egun sendian, bere ontzi txikiarekin. Ama ere, arrantzaleen alaba, besterik ez zuen bizi izan, beste hainbat arrantzaleren emazterekin egunero portuan elkartu ohi zen arrantzatzeko sareak konponduz kontu kontari.

Aita, egunero bezala goizean goiz irten zen lanera. Luis eta amak ordea, elkarrekin gosaldu eta  eskolarantz joan ziren. Amak, Luis besarkada batekin eskola atarian agurtu zuen, arratsalde-arte. Ondoren porturantz abiatu zen egunero bezala, bere lanera. Baina egun hura ez zen besteak bezalakoa izango, eguraldia txartzen hasia zen, eta itsasoa gero eta zakarragoa zegoen. Portura iritsi zenerako  itsasontzi gehienak itsasoratuak ziren. Urduritasuna ere piztu zitzaion.

Baina ongi zekien ogibide haren  berri. Itxarotea besterik ez zuen. Eguna pasa zuen lan eta lan, beste emakumeekin portuan, beti ere bere begirada  itsas zabalean jarria, itsasontziren bat noiz porturatuko zen zain. Orduak pasa ahala itsasoa gero eta zakarragoa zen, bortitzagoa. Urduri, kezkati. Baina norbaitek “ama!” oihukatu zuen , urrutitik. Bai, Luis zen! Aurpegia aldatu eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu zuen. Amari irribarrea atera zitzaion, baina kezkak barrenean jarraitzen zuen. Portuan barrena bueltatxo bat eman ondoren, biak etxerantz joan ziren. Oraindik arrats erdia bazen ere, ez zen asko falta eguna gainera biltzeko, eta aita falta zen.

Etxera iritsi eta, ohi bezala, ama-semeak afaria prestatzen hasi ziren. Hozkailutik arraina eta hau prestatzeko jakiak atera ondoren, lanean hasteko prest! Ama pentsakor, egoera ez zen batere erraza. Eguraldia ez zen lagun, ez zihoan hobera. Tarteka-marteka leihotik porturantz begiratzen zuen, baina senarraren arrastorik ez. Itsasoak bortizki jotzen zuen portuko barreran.

Ama bere barrengo larritasuna ez kanporatzen saiatu zen, baina alferrik. Luis ere zerbait nabarmentzen hasia zen. Aita zergatik ez zen oraindik itzuli galdetu zion amari. Normalean etxean izaten zen afalordurako, hiruren jolasa baitzen elkarrekin afaria prestatzea. Amak lasai egoteko eskatu zion, eguna pixkatxo bat  aldrebestuko zitzaiola, besterik ez. Baina Luis gero eta urduriago zegoen, pentsakor. Eguneroko jolasa ez zen hain polita, agian, berririk ezak larria sortzen baitzuen. Amak, lasaitasuna mantentzearren, sukaldaritza liburua hartu eta Luisi errezeta irakurtzen hasi zen, bere urduritasuna baretu nahian edo.

Bat batean  portuko sirenek jo zuten. Beldurra. Biak leihora hurbildu ziren. Portuan erdi txikitutako barku txiki bat sartzen ikusi zuten. Ez zen garbi ikusten ordea, eguraldiak ez zuen batere laguntzen. Portuan jende mordoxka hurbildu zen laguntze aldera. Amak orduan, bertan gelditzeko esan zion Luisi, ez mugitzeko, segituan zetorrela, mahaia jarri eta afaria zerbitzatzeko. Luis, ordea, leihotik begira geratu zen, erne. Amaren korrikaldia ikusi zuen. Eta amaren negarra sentitu zuen. Malkoa isuri zitzaion.

Iruzkina Idatzi

Captcha image