LARRAULGO JAIAK 2018 2018-08-01 08:31

“Badira urtero errepikatzen diren ekitaldiak, arrakastatsuak direlako”

Larraulgo kultur zinegotzia da Cristian Pizarro gaztea. Herriko jaiak antolatzeaz arduratzen den batzordeko kide ere bada.

Cristian Pizarro

Larraulgo San Bartolomeak 2018

Abuztuak 24, osteguna

11:00 Meza nagusia.
12:00 Hamaiketakoa.
Arratsaldean, Luis Erasok saioa eskainiko du, motozerrarekin eskulturak eginez. Ondoren, mokadutxoa egiteko aukera.Trikitilariak, Ansorregi eta Larrañaga.

Larraulgo San Estebanak 2018

Abuztuak 2, osteguna

19:30 Txupinazoa eta Pello Joxepe-ren jetsiera.
Ondoren, buruhandiak eta Gurdi Soinu herriko txaranga.
20:30 Gazte akanpada: Muntaketa lanak.
21:30 Gazte afaria.
Ondoren, Larraul Izarpean txangoa.

 

Abuztuak 3, ostirala

10:00 Gazteen gosaria.
11:00 Meza nagusia.
11:30 Hamaiketako herrikoia.
18:00 Herri kirolak.
20:00 Kantu-poteoa Usarrabi taldearekin. Ondoren herri afaria.
23:00 Suaia eta Ama Rebel. Ondoren Dj Balber.

 

Abuztuak 4, larunbata

11:00 Herriko gazteek haurrentzat antolaturiko Altxor bilaketa jokoa.
12:00 Apar festa.
14:00 Haurren bazkaria.
15:00 Puzgarriak adin guztientzat.
16:30 Mus txapelketa.
20:30 Barrikote herrikoia Urbeltz plazan.
23:00 DJ Urki.
03:00 Batxuri zopa.

 

Abuztuak 5, igandea

12:30 Sagardo Dastaketa (Aburuza, Zabala, Gaztañaga, Artola, Sarasola) trikitilariek alaituta.
13:30 Toka txapelketa.
15:00 Paella herrikoia.
18:00 Bertso saioa herriko plazan: Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Andoni Egaña. Gai jartzen Larraulgo bertso taldea. Ondoren Izer eta Alabier trikitilariak.

Zinea

Abuztuak 1, asteazkena

22:00 Zinea Larraulgo plazan.

Zer moduz doaz jaien antolaketa lanak?

Bestetan baino errazago egin ditugu lanak aurtengoan. Aste Santuaren ondoren egin genuen lehen bilera. Lehendabiziko lanak jaietako egunak zehaztea izaten da eta, hortik aurrera, zenbait ekitaldi lotzen hasten gara: bertsolariak, musika taldeak, haurren puzgarriak… Aurten, Nora Urbizu teknikariak egin ditu deirik gehienak, nahiz eta jai batzordeko gainerako kideak ere aritu garen. Bost pertsona izaten gara bileratan eta tarteka, herritarren bat gehiago gerturatzen zaigu. Abuztuaren 3a ostiralarekin egokitu da aurten, eta jaiak bezperan hastea erabaki genuen; ostegunetik igandera izango dira Sanestebanak.

Gazteen kanpaldia egingo duzue lehen gauean…

Bai, hirugarren aldiz egingo dugu aurten. Geroz eta gaztetxo gehiago animatzen da. Lehendabiziko urtean kanpin-dendarik ere ez zuten haur eta gaztetxo gehienek, eta pilotalekuan egin genuen, koltxoiak lurrean jarrita. Iaz, parke zaharrean elkartu ginen gaua pasatzeko. Aurten, eguraldiak aginduko digu kanpaldia non egin. Gazteek ederki pasatzen dute. Kanpin dendak jarri, elkarrekin afaldu, eta, eguraldiak laguntzen badu behintzat, mendi buelta egingo dugu aurten, linternak eta frontalak hartuta. Guraso batzuren laguntza izaten dugu. Goizean, elkarrekin gosaltzen dugu, ekitaldiari bukaera borobila emateko.

Zeintzuk izaten dira Sanestebanetako ekitaldi finkoak?

San Esteban egunean, esaterako, hitzordu berdinak errepikatzen dira urtero: meza, hamaiketakoa, herrikirolak eta kantu-poteoa. Horrez gain, bertsolarien saioa, mus txapelketa, sagardo dastaketa, toka txapelketa, trikitilariak, barrikotea…, badira urtero-urtero errepikatzen diren ekitaldiak, arrakastatsuak gertatzen direlako.

Badira kontratutako ekitaldi batzuk, baina beste asko herritarren arten antolatutakoak izaten dira, eta baita beste herrietatik etorritako jendeari esker egiten direnak ere. Euren prestutasuna eskertu behar diegu, esaterako, Usarrabi kantujirako kideei edota Asteasutik etortzen diren trikitilariei.

Haurrek ere izaten dute euren eguna…

Bai, apar festa egiten dugu urtero, eta haurrek ikaragarri gozatzen dute. Iaz, bestalde, berrikuntza ekarri genuen puzgarrietan, izan ere, aurreko urteetan haurrek oso ondo pasatzen zuten ohiko puzgarrietan, baina 12 urte ingurutik gorakoak aspertu egiten ziren. Iaz, adin tarte handiagoarentzat erakargarria zen puzgarria ekarri genuen. Gaztetxoek eta helduek ere ederki pasa zuten. Aurten berriz ere puzgarri bera ekartzeko eskaera luzatu ziguten, eta halaxe egingo dugu. Altxorraren bila jolasa ere egiten dugu; herriko gazteek antolatzen dute eta gozatu egiten dute denek ere. Gazteak pirataz mozorrotzen dira eta herriko txoko ezberdinetan gordeta egoten dira, ur-pistolekin haurrak bustitzeko.

San Bartolome eguna ere tradizio handikoa da.

Bai, ekitaldi finkoak izaten dira egun horretakoak ere. Aurten, jai giroa pixka bat luzatzeko mokadutxo bat eskaini nahi diogu jendeari. San Estebanetan ere, ekitaldiak elkarren jarraian antolatzeko saiakera berezia egiten dugu, jai giroak etenik izan ez dezan. Horrez gain, beti saiatzen gara ahalik eta ekitaldi gehien plazan egiten. Eguraldiak baldintzatuta pilotalekuan sartzen bagara, jai giroa ere ezkutatu egiten da herrigunetik. Ekitaldiak plazan egiten badira, errazagoa da herrira etortzen diren bisitariak bertan geratzea. Iaz, jende dezente etorri zen inguruko herrietatik, eta aurten, badakigu Albizturko koadrila batek baduela etortzeko asmoa.

Iruzkina Idatzi

Captcha image