2015-09-04

8.- Etxeko ogia

OSAGAIAK

Osagaiak:   

  • 1000 gr. irin.
  • 600 gr. ur epel (31º-39º artean).
  • 25 gr. gatz.
  • 60 gr. legami prentsatu.

Pausoak: Bost eta zazpi ordu arteko prozesua behar izaten da ogia legami naturala erabiliz (orantza edo berantzagia) egin ahal izateko. Errezeta honek eskaintzen duen prozesua, ordea, errazagoa da, praktikoa eta era berean osasuntsua. Gainera, ez da inolako makina berezirik behar.

Ura epelduta dagoenean, legamia erantsi (gozotegi askotan aurki daiteke) eta bertan desegin behar da. Ondoren gehituko diogu irina, pixkanaka. Irin guztia gehitu aurretik bota behar zaio gatza. Pixkanaka, eskuekin landuz, orea sortuko zaigu. Orea eskuetara eransten ez den arte jarraitu behar da lantzen. Bola moduko batean batuta dugunean, zapi batekin estali eta lehendabiziko irakinaldia egiten utzi behar zaio. Tenperaturaren arabera denbora gehiago edo gutxiago beharko du oreak bikoizteko. Eguzkitan uztea izaten da onena, azkartu egiten baitu prozesua.
Lehen irakinaldia amaituta, orea labanarekin zatitu eta berriro landu behar da irinarekin zikinduz. Haizea ateratzea da helburua. Aurrez olioztatutako ontzietan jarri eta, zapiz estalita, bigarren irakinaldia egiten utzi behar zaio oreari. Berriro tamaina bikoiztu duenean, azalean ebakiak egin behar zaizkio, labean leher ez dadin. 200ºtara berotutako labean sartu, 30 minutuz eduki. Garrantzitsua da beste ontzi batean ura jartzea, ogiak egin bitartean hezetasuna izan dezan eta azala oso gogorra gera ez dadin. Labetik ateratakoan, ontzitatik atera, buruz behera hozten utzi eta jateko prest egongo da ogia. On egin!

Iruzkina Idatzi

Captcha image

Larraulgo Ekomuseoko kide da Pili Otaegi. Ogia egiten ikasteko ikastaro ezberdinak eskaini izan ditu bertan, besteak beste.