2018-02-08

In memoriam

Maider Lainez AndoainGo PSE-EEren idazkari nagusia

Joseba Pagazaurtundua. Ezkondua, 9 eta 14 urteko bi semeen aita. Udal langilea, Udaltzaingoaren burua, lagun sozialista, “Basta ya”-ko kidea eta laguna. Genero indarkeriaren aurka egindako lana eta bere borroka nekaezina askatasunaren alde nabarmentzekoak izan ziren. Hori guztiagatik, Joseba, gaur duela 15 urte ETAko terrorista batzuk erail zintuzten. Esplikaezina da.

Egia da, ETAk bere borroka armatua behin-betiko amaitutzat eman zuenetik gure egunerokotasunean gauza asko aldatu direla. Josebak eta beste askok hainbeste bilatutako askatasun hori, azkenean, lortu dugu. Orain, bakean eta askatasunean bizi gara.

Baina basakeriako eta zentzugabekeriako urte asko izan ziren, urte gehiegi. Halere, askok azkarregi orrialdea pasa nahi dutela sentitzen dugu; gertatutakoa ahaztu nahi dute edo, okerrago, ezer gertatu ez balitz bezala jokatu nahi dute. Eta jarrera horren kontra agertzen naiz. Gorka Landaburuk dioen bezala: “Orrialdea pasa, bai, baina zer dioen irakurri eta gero”. Beste era batera egiteari uko egiten diot.

Gure seme-alabentzat eta gure bilobentzat Euskadi tolerantea, anitza, librea eta bakean nahi dut. Hori lortzeko, gaur eguneko belaunaldiek eta hurrengoek orain dela gutxi arte gure plazetan eta auzoetan zer gertatzen zen ezagutu eta jakin behar dute: Euskadin eta Andoainen ere, batzuek ezin genuela askatasun osoz kalean ibili, zenbait tokietatik ezin genuela pasa eta ETAk pertsona asko ideia desberdinak izateagatik edo askatasuna defendatzeagatik erail zituela.

Iraganeko akatsak berriro errepika ez ditzagun, belaunaldi berriei bai bortizkeriaren zentzugabekeria, bizikidetasuna, aniztasuna, errespetua eta tolerantzia defendatzen erakutsi behar dizkiegu.

Ezin izango dugulako etorkizun hobea eraiki, hemen bizi izan duguna ahazten badugu. Bai, bizikidetasunean lan egiten jarrai dezagun, baina memoria landuz eta gertatutakoa gogoratuz.

Neguak aurrera doaz, baina, Joseba, beti gogoratuko zaitugu, gure memorian eta bihotzean bizi zarelako.
Askatasunagatik!