2018-04-05

Gipuzkoako Foru Aldundiari

Murrizketarik ez plataforma

Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den urteko abuztuan argitaratu zuen Buruntzaldearako autobus zerbitzuei zuzendutako aurreproiektua. Bertan dakizuenez, murrizketa nabarmenak proposatzen ziren. Hau onartezintzat joaz, 4000 alegazio inguru sartu ziren eta 7000 sinadura bildu. Ezin ahantzi ere, gai honen harira herritarrek egindako hainbat agerraldi eta mobilizazio.

 

Bitarte honetan egunak aurrera joan dira, eta non gelditu dira Aldundiak alegazioei burutu beharreko erantzunak? Zertan dago aurreproiektu/proiektuaren egoera? Zergatik halako opakotasuna? Non dago hauteskunde kanpainetan ahoan darabilten kudeaketa gardena? Gure egunerokoan eragin zuzena duen gai honen inguruan, herritarrok ez al dugu eskubiderik jakiteko zertan den istorio hau?

Aurreproiektua onargarria ez den bezala, Aldundiaren jarrera ere onartezina da. Beste behin ere herritarroi bizkar emanez eta gure iritzia kontuan hartu gabe, hainbat proiektu erabaki eta aurrera atera nahi dira. Inposaketaz inposaketa jarraitzen dute eta adibideak ez dira falta.

Enplazamendu zuzena egiten diogu beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiari:

  • Utz dezala bertan behera aurreproiektua.
  • Instituzio publiko bezala, lehenetsi dezala herritarron ongizatea. Berma dezala gutxienez egun garraiobide publikoek eskaintzen duten zerbitzua eta ez dadila murrizketarik egon.
  • Alboratu ditzala ikuspuntu ekonomizista soilak eta jar dezala helburu nagusi gisa jendarteari eskaintzen zaion zerbitzua eta haren kalitatea.